Musika

Kepa Junkerak jasoko du 2020ko Adarra saria

«Bere disko produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia» goraipatu dio epaimahaiak. Saria ez da ohi bezala ekainaren 21ean banatuko, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Musikaren Europako Egunean; aurrerago jakinaraziko dute ekitaldia noiz egingo den.

Kepa Junkera, 'Maletak' diskoa aurkeztu zuenean, 2017ko ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko ekainaren 19a
11:32
Entzun

Kepa Junkera musikari bilbotarra izango da 2020ko Adarra sariaren irabazlea. Hala erabaki dute Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak, horretarako sortutako Aholku Batzordean. Saria ez da banatuko ohi bezala ekainaren 21ean, Victoria Eugenia antzokian, Musikaren Europako Egunean; aurrerago jakinaraziko dute noiz egingo duten sariak banaketzeko ekitaldia. Marijose Recalde artista nafarraren eskultura bat jasoko du orduan.

Junkerari saria emateko, aholku batzordeak aintzat hartu ditu «haren disko produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin eginak; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta euskal musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana».

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko, urtero. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik eta Berri Txarrak taldeak jaso dute Adarra saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.