Kevin Ayers Frantzia hegoaldean bizi zen azkeneko urteetan eta han hil zen herenegun, 68 urte zituela. Haren heriotzaren berri, ordea, gaur bertan eman dute.
Kevin Ayers (Kent, Ingalaterra, 1944) Wilde Flowers taldearekin ekin zion musikari 60ko hamarkadan, eta lehen talde hartan izandako taldekide batzuei (Robert Wyatt eta Hugh Hopper) Mike Ratledge eta Daevid Allen gehitu zitzaizkienean sortu zuten Soft Machine. Rocketik eta jazzetik edaten zuen soinu berri batekin ezagun egin zen berehala taldea, eta Canterburyko soinua izenarekin ezagutuko zen soinu edo eszena baten parte bilakatuko zen. Rock progresiboaren eta psikodeliaren garaia zen eta Soft Machinek nortasun propioz egin zien bere ekarpena joera haiei.
Taldeak bira luzea egin zuen AEBetan Jimi Hendrixekin, baina Ayersek, orduan, taldea uztea erabaki zuen, eta bakarkako bideari heldu zion. 1969an kaleratu zuen bere aurreneko diskoa: Joy of a Toy enblematikoa. Lan hartan zeuden Ayersek gerora jorratuko zituen joeretako asko: popa, rocka, psikodelia... beti ere, heterodoxiaz jositako musika moldeak.
70eko hamarkadan hainbat proiektu gauzatu zituen eta lan egin zuen Brian Eno, Mike Oldfield eta beste hainbat musikarirekin. Hain zuzen ere, 1974an gerora mitikoa bihurtuko zen kontzertu batean parte hartu zuen John CAle, Nico, Brian Eno eta Mike Oldfieldekin. Emanaldi hura disko bihurtuta argitaratu zuten gerora.
80ko eta 90eko hamarkadetan bere arrastoa pixka bat galdu zen, nahiz eta segitu zuen lan egiten, baina 1992tik 2007ra isilunea izango zen. Orduan itzuli zen, bere jarraitzaileak izan ziren musikari askoren bultzadari esker. Teenage Fanclub, Gorkys Zygotic Mynci eta beste hainbat taldetako kideek hartu zuten parte The Unfairground diskoan eta baita Ayersen aspaldiko lagunek ere: Robert Wyatt, Hugh Hopper....