Gertatu zaidan guztia behar ez denari kontatuko banio, gizon hila nintzateke.
Gainera… nork sinistuko lidake?
Inork ere ez, arazoak, osorik hartuta, ez baitu inolako zentzurik. Ez, ezin da inola ere ulertu. Bazter guztietatik aztertu eta arakatu dut, etengabe ari naiz haren inguruan itzulika pentsatzen. Eta nire egonezina are larriagotzeko, amets ere egiten dut arazo hartaz. Baina ez hori bakarrik. Ezin dut ulertu nola gertatu zen. Gertatutakoa zehatz-mehatz berreraikitzen hasi orduko, gero eta nahastuago egiten zait dena. Koadro bat margotu nahi izango banu bezala da, kez egindako paletaz.
Garbien eta lehenik agertzen zaidana Krassyren erretratua da. Ondoren, haren irudiaren ertzak zirriborratu egiten dira pittin bat eta koadro osoa lurrintzen hasten da. Zehaztasun guztiak nahastu egiten dira, ingurunea txikitu egiten da eta izugarrizko zurrunbiloa sortzen; are gehiago, zehaztu ezinezko zurrunbilo mugagabeak sortzen dira. Azkenerako, ez da ezertxo ere geratzen erretratu hartatik. Gogoan gorde nahi dut, haren zehaztasun guztiak behin eta berriro gainbegiratu, orokortasun osoko zerbait lortu, baina kez inguraturik desagertzen zait, erabat ezabatzen zaizkit zehaztasunak. Amaieran, mihisean ezkutatutako ke urdin eta urrintsua besterik ez da geratzen.
Arazoa horrela datorkit gogora, eta agian horrexegatik jabetzen da nire irudimena. Keaz ari naiz, gertakizun guztiok hasi ziren eguna lanbrotsua baitzen, laino-egun bat, Chicagon sarri izaten direnetakoa. Lantegietako tximiniek botatzen zuten kea lakutik zetorren aire hezearekin nahasten zen, eta hiri osoa laino mantu gris eta ukigarriaren antzekoa zen. Laino bilakaturiko aire hezeak, eta harekin nahasten zen keak, nahasketa eseki eta mugiezina osatzen zuten atmosferan, horregatik egiten zuten marmar ahopeka oinezko guztiek:
—Arraioa, hau eguna!
Keak eta lainoak gaina hartzen zioten eraikinen goiko aldari, eta aske uzten beheko aldea, hau da, ez zuten ukitzen benetako Chicago, bi edo hiru solairuko etxe zikinez osatuta dagoen hori, edo hiri osoan barrena, bazter batetik beste puntaraino, ikusmena iristen den muturreraino zabaltzen den etxe pila. Kea ez zen oztopo dendatxo handiusteentzat, erakustokietan eskuz margoturiko errotuluez bizikleta-konpontze lanak iragartzen dituztenentzat, gizonezkoentzako janzki «ia berriak» —ehuneko berrogeita hamarreko beherapenarekin, minutu gutxitan garbituriko jantziak— eskaintzen dituztenentzat, edota altzari zaharrak berriagoen ordez trukatzen dituztenentzat.
NOBELA (HASIERA)
Jatorrizko hizkuntza: ingelesa.
Jatorrizko izenburua: Portrait in Smoke.
Itzulpena: Joxemari Iturralde.
Argitaletxea: Igela.
Urtea: 1992 (Euskal Editoreak 2008an berrargitaratua, Berria bilduman).
Aurkezpena: Etzi beteko zituzkeen ehun urte Bill Sanborn Ballinger idazleak bizi balitz, 1912ko martxoaren 13an jaio baitzen, AEBetako Iowa estatuko Oskaloosa hirian. 1980ko martxoaren 23an hil zen, Kalifornia estatuko Tarzana hirian. Idazle oparo eta estimatua izan zen. Eleberri beltzaren bigarren belaunaldiko maisuen artean kokatzen dute kritikariek. Eleberriez gain, askotariko gidoiak idatzi zituen, telebista nahiz irratirako batez ere. Haren hiru nobela daude euskaratuta: Kez egindako erretratua (Joxemari Iturraldek itzulia eta Igelak 1992an argitaratua), Ilegorriaren emaztea (Xabier Olarrak itzulia eta Igelak 2007an argitaratua) eta Segundorik luzeena (Xabier Olarrak itzulia eta Igelak 2009an argitaratua).
Literatura. Pasarte hautatua. Bill S. Ballinger
'Kez egindako erretratua'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu