Indiako iparraldeko emakume analfabetoa eta kasta baxukoa da Sampat Pal. Hamabi urte bete aurretik, herri urrun batera bidali zuen familiak ezkontzera, eta ezkon-senideek tratu txarrak eman zizkioten. Herriko arau zorrotzei aurre egiten ausartu zen eta, ondorioz, kalean amaitu zuen bost seme-alaba txikirekin. Urteak pasatu ostean, Gulabi Gang sortu du, soineko arrosen taldea, antzeko egoeran bizi diren emakumeei laguntzeko. Pink Saris film dokumentalean bildu du Kim Longinotto dokumentalista ingelesak Sampaten eguneroko egitekoa. Filma Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, eta ekitaldi berean Giza Eskubideen IX. Zinema Jaialdiaren saria jasoko du Longinottok bere ibilbidearengatik.
Sampatengana laguntza eske doazen lau neska gazteren istorioetan dago oinarrituta filma. Indiako emakume askorentzat ohikoak diren krisialdi latzak bizi dituzte laurek. Rheka hamalau urteko neskatila, esaterako, ukiezinen kastakoa da, Sampat bezala, eta kasta baxuenekoa izateagatik ezkontzen utzi ez dien familia bateko gizon batek haurdun utzi du. Renu hamabost urteko neskatila, berriz, ezkon-senideen etxean abandonatu du senarrak, eta aitaginarrebak, tratu txarrak emateaz gain, bortxatu egiten du.
Istorio gogorrak dira, gordinak, baina eufemismo eta sentsazionalismo barik kontatuak. «Ez ditut biktimak erretratatu nahi, aldaketaren bat sortzeko aukera iradoki baizik», dio Longinottok. Arazoak dituzten emakumeen bizitza aldatzeko sortu du Sampatek, hain zuzen, Gulabi Gang. Fuksia koloreko sari soinekoak jantzitako ehunka emakume bildu eta polizia ustelengana edota indarkeriaz baliatzen diren senarrengana joaten dira, legea betearazteko edo desafio egiteko. «Biktimen bizitzan eragiten duen aldaketa sotila da. Baina Sampat bezalako jendea behar da, irmo mantentzen dena eta sineskeriei, tradizioari eta aginteari aurre egiten diena».
Ibilbide luzea du egina Longinottok, eta egungo dokumentalgilerik garrantzitsuenetako bat da. Batez ere, emakumeen eskubideen urratzeen berri ematen du bere lan gehienetan, eta gaurko saria bere filmetako «heroiei» eskaini nahi die: «Nik kamera baino ez dut jartzen, ez dut ezer arriskatzen. Haiek, berriz, egunero dute bizia jokoan».
1976an hasi zenetik 20 film dokumental baino gehiago zuzendu ditu, besteak beste, Divorce Iranian Style (1998), Sisters in Law (2005), Hold Me Tight, Let Me Go (2007) eta Rough Aunties (2008). Iaz grabatu zuen Pink Saris, eta hiru aste barru Pakistango neska gazteen inguruko dokumental bat filmatzen hasiko da.
Heroiaren itzalak
Arazoa beren larruan bizi dutenen istorioak bilatzen ditu beti Longinottok. Haren ustez, mahai baten atzean jarritako adituek ematen dituzten azalpenak ez dira batere baliagarriak. «Jendeak zuzeneko esperientzia nahi du dokumental bat ikustera doanean». Horregatik aukeratu zuen Sampat, arazoa zuzenean bizi duelako eta zuzenean kontatzen duelako. Alabaina, dokumentalak ez du heroi gisa mitifikatzen, filmak aurrera egin ahala agerian geratzen dira haren alde ilunak ere.
«Sampat heroia da, baina berak salatzen dituen gauzak ere egiten ditu. Indiako Uttar Pradesh eskualdean ospea hartzen ari da. Jadanik ez du Gulabi Gang taldea bildu beharrik; bere ospea erabiltzen du emaitzak lortzeko, eta ospea beti da arriskutsua», Longinottoren esanetan. Dokumentalek ez diote ondoriorik eman behar ikusleari, bakoitzak bere ondorioak ateratzeko tresnak baizik. Hori da Longinottoren xedea, eta horregatik agertu nahi izan ditu heroiaren argiak eta itzalak, ikusleak erabaki dezan.
Kim Longinotto: «Aldaketaren bat sortzeko aukera iradoki nahi dut»
Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinema Jaialdiaren saria jasoko du gaur 'Pink Saris' dokumentalaren egileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu