Kimuak 2011 katalogoko bederatzi film laburrek 25 sari jaso dituzte irailetik

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zituzten lanak, eta geroztik 136 saritarako hautagai izan dira

Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun animaziozko film laburra Goya sarietarako izendatu dute. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko Kimuak programak balantzea egin du urtea amaitu aurretik. Katalogoa osatzen duten bederatzi film laburrek 136 izendapen eta 25 sari eskuratu dituzte irailetik hona, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, «kopuru horiek aurreko katalogoenak baino hobexeagoak dira».

Honako film labur hauek daude aurtengo programan: Aritz Morenoren Bucle, David Gonzalezen La calma, Galder Gaztelu-Urrutiaren La casa del lago, Alvaro Sauren Coptos, Jose Mari Goenagaren Lagun mina, Sergio Barrejonen La media pena, Ivan Casoren Muy cerca, Haritz Zubillagaren She's Lost Control eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun. Azken hori otsaileko Goya sarietarako izendatu dute, animazio sailean. Muroren lanarekin batera, iazko katalogoko El premio film laburra ere hautagai izango da. Leon Siminianik zuzendu du, eta fikzio sailean lehiatuko da.

Aurtengo datuekin batera, 2009 eta 2010ekoen berri ere eman dute. 2009ko programak ia amaitu du bere bidea zinema jaialdietan, eta 977 izendapen eta 123 sarirekin agurtuko du ibilbidea. Iazko programak, berriz, 1.060 izendapen eta 211 sari lortu ditu ibilbidearen lehen zatian. Horrela, «Kimuak-en historiako bigarren arrakastatsuena» bihurtu da iazkoa, 2005. urtekoaren atzetik. Datorren urteko programari begira, izen emateko epea aldatuko dela iragarri du antolakuntzak: otsailetik ekainera bitarte luzatuko da deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.