Kimuak-eko lanak munduan hedatzeko ituna sinatu dute Etxeparek eta Filmategiak

Programarako diru laguntza Institututik jasoko du aurrerantzean Filmategiak; aurten, 127.281 eurokoa

Joxean Fernandez, Aizpea Goenaga eta Txema Muñoz, atzo, hitzarmena sinatzeko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Euskal film laburrak nazioartean leku gehiagotara irits daitezen, elkarlanean ariko dira Etxepare Euskal Institutua eta Euskadiko Filmategia, atzo sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez. Filmategiak aurrerantzean Institututik jasoko du Kimuak film laburren programa kudeatzeko diru laguntza, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik beharrean, orain artean bezala. 127.281 euro jasoko ditu, Kimuak katalogoak osatzeko eta merkatu nahiz zinema jaialdietara joateko.

Dena den, ekarpen ekonomikotik harago doan hitzarmena dela nabarmendu dute Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eta Joxean Fernandez Filmategikoak. Etxeparek atzerrian landutako sareak aukera bat dira euskal film laburrak «munduko txoko guztietara» iristeko, Fernandezen aburuz. Bi erakundeen arteko elkarlana goraipatu du Goenagak. Kimuak programak euskal sortzaileei ate asko zabaldu dizkiela eta haien lanei esker euskal kultura ere munduratu dela azpimarratu du. Hitzarmenarekin, orain arteko lanari bultzada eman nahi diotela azaldu du.

Zendutako hiru lagun gogoan

Programaren azken hiru urteotako balantze baikorra egin du Txema Muñoz Kimuak-en arduradunak. Datuak jarri ditu horren erakusle: azken hiru katalogoetako lanak mundu osoko ehunka zinema jaialditan ikusi dira, eta 350 sari baino gehiago lortu dituzte. Hala, bai Euskal Herrian bai atzerrian, Kimuak programa «sendoa» dela nabarmendu du.

Kimuak 2011 katalogoa osatzeko deialdia dagoeneko zabalik dagoela gogorarazi du Muñozek. Uztailaren 8ra arteko epea ezarri dute lanak aurkezteko —www.kimuak.com webgunean daude oinarriak—. Lehen aldiz, katalogoa hiru pertsonari eskainita egongo da. Izan ere, Kimuak-en hamalau urteotako ibilbidean harekin lotura estua izan duten hiru lagun hil dira azken hilabeteotan: Txabi Basterretxea eta Aitzol Aramaio zinemagileak, eta programaren kudeaketan aritu izan zen Magali Lueiro. Haien ekarmena omendu nahi dute katalogoa haiei eskainita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.