Kimuak Euskal Herriko film laburrak sustatzeko egitasmoak jaso du aurtengo Zinemira saria. Bart egin zuten Donostiako 69. Zinemaldiko Euskal Zinemaren gala Victoria Eugenia antzokian, eta oholtzara igo ziren Zinemira atalaren protagonista izan diren hainbat lagun: protagonistak, zuzendariak...
Kimuak-i saria emateko arrazoiak bideo batean azaldu zituzten. Ikus-entzunezkoan agertu ziren euren ibilbidearen hastapenetan programaren parte izan ziren hainbat aurpegi ezagun (Borja Cobeaga, Jone Hernandez, Koldo Almandoz, Moriartiarrak, Asier Altuna...), hark duen garrantzia azpimarratuz eta azken urteetan sustatu dutenei eskerrak emanez.
[YouTube]https://youtu.be/mSpL-7sTWLg[/YouTube]
Zehazki, Cobeaga eta Hernandez izan ziren oholtzara igo eta saria emateko arduradunak. Txema Muñozek eta Esther Caberok jaso zuten, txalo artean. Haiek ere eskerrak eman zizkieten Kimuak proiektuan lan egin duten guztiei, eta azpimarratu zuten orain arteko bidean erakunde publiko zein pribatuek izan duten garrantzia.
Aurkezpenak
Gala, ordea, ez zen sari banaketa hutsa izan. Belakok musika zuzenean jo zuen hirukote formatuan, eta banan-banan aurkeztu zituzten Irizar sarirako hautagaiak diren fikziozko eta ez-fikziozko filmak. Hitza hartzen lehenak Maixabel, Bolante baten historia eta Paperezko hegoak filmetan ardatz diren Maixabel Lasa, Eneko Etxeberria eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria izan ziren. Halako produkzioek «ahanzturaren kontra» egiten duten lana nabarmendu zuten hirurek.
Jarraian, Aitor Merino, Manu Solores eta Maider Oleaga zuzendariek euren dokumentalak aurkeztu zituzten; hurrenez hurren, Fantasia, Aztarnak eta Kuarkt Valley. Erlauntza filmeko aktoreak ere igo ziren eszenatokira.
Belakok jo zuen azken abestia The Craft izan zen, eta hark eman zion sarbidea gala amaitzeko proiektatu zuten Hondalea dokumentalari, Asier Altunarena.