Lekua: Kursaaleko auditoriuma (Donostia). Eguna: Urriak 30. Jende kopurua: 1.400 lagun inguru.
Jon Eskisabel
AEBetako sustraidun musikaren zaleek ez dute kexatzeko arrazoirik. Azkenaldian gure agertokietatik igaro dira azken hiru hamarkadetako izen garrantzitsuenetako batzuk. Oihartzun handia piztu dute haietako batzuek -Bob Dylan, Neil Young, Tom Waits, Bruce Springsteen...-, eta oharkabeago pasatu dira beste zenbait. Azken horien artean dago John Hiatt. Larunbat iluntzean, Nashvillen finkaturiko kantari eta kantugileak ia hogei disko egin ostean gurean eskainitako lehen kontzertuaz gozatzera joandakoek ez zuten Kursaaleko auditorioa betetzea lortu. Hiatt ez da sekulan modan egon, baina bere lana gertutik jarraitzen duten zale multzo fidel bat dauka.
Hamarkada honetan kaleratu dituen diskoei erreparatuta, eztabaidatik kanpo dago Hiatten gaur egungo sormenaren kalitatea, baina zuzenean nola moldatuko zen aurreikusteko erreferentzia falta zen. Egon zitezkeen zalantzak berehala uxatu zituzten Hiattek eta laguntzen dion hirukote bikainak -aipamen berezia Doug Lanzio gitarristarentzat-. Perfectly Good Guitar-ekin saioa modu leunean ireki ostean, Fireball Roberts-en bere ahots malgu eta ñabarduraz betea erakusten hasi zen Hiatt, falsetotik tonu sakonetara erraztasunez pasatzea ahalbidetzen diona. Lehen zatian, kantu zaharrak eta berriak tartekatu zituen, bluesetik rock-and-rollera edota country-folkera igaroz. Crossing Muddy Waters-ekin iritsi zen lehen gailurra, eta jarraian, The Open Road eta Carry You Back Home -azken diskoko bi harribitxi-, Master of Disaster zirraragarria eta Like a Freight Trains bluesa heldu ziren. Emanaldiaren bigarren zatian kantu zaharrak, eta txalotuenak, aletu zituen -Cry Love,Your Dad Did, Drive South, Slow Turning...-, baina artean pieza souleroenak eta hunkigarrienak falta ziren, Feels Like Rain eta Real Fine Love, emanaldia Tennessee Plates-ekin biribiltzeko. Bisean, klasiko gehiago: Have a Little Faith in Me ezinbestekoa, eta Riding with the King-en blues eztanda. Ia bi orduko emanaldiaren ostean, iritzia aho batekoa zen. Bi hitzetan: perfectly good.
Klasiko bat sasoian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu