Durangoko 55. Azoka

Klik batek mugiarazten duena

Durangoko 55. Azokaren denda digitala etenik gabe ari da jasotzen kulturzaleen eskaerak egunotan, eta bertako langileak gelditu gabe dabiltza Landako gunean gora eta behera, denei erantzun nahian.

Langileak korridore luzeetan gora eta behera dabiltza, eskatutako salgaiak bilatzen eta aukeratzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Klik. Kulturzaleak bere etxeko epeletik sakatu du botoia. Eta ziurrenik ez da jabetu hatzarekin egin duen keinu txiki horrek zer-nolako mugimendua eragin duen Durangoko Landako gunean (Bizkaia). Iritsi da haren eskaria Durangoko 55. Azokako lantaldearen ordenagailuetara. Eta jarri da gurpila abian beste behin ere. Klik bakoitzak agindutakoari erantzuteko etenik gabe ari dira lanean azokako kideak egunotan, liburu, disko eta bestelakoak etxe guztietara lehenbailehen irits daitezen. Eta ez dute lan gutxi.

Kulturaren biltegi handi bat da Landako egunotan. Kaxaz betetako kaxa handi bat. Ez dago beste urteetako egurrezko erakusmahairik, ez sortzailerik nahiz bisitaririk ere haien bi aldeetara. Baina badira mahaiak, eta badira liburuak, diskoak eta bestelakoak ere haietan. Eraikinaren luzea alde batetik bestera zeharkatzen dute mahaien ilarek, korridoreak osatuz. Eta haietan barrena gora eta behera dabiltza azokako hogei bat kide, gau eta egun, hiru txandatan banatuta, baina etenik gabe. «Kide batek 30 kilometro egin zituen herenegun, eta denak gabiltza horrela», azaldu du Epi Garcia biltegiko arduradunak. Berak ere ez du atseden handirik hartzerik egunotan. Beste urteetan ere ez du izaten tarte lasai askorik. Baina dena da ezberdin aurten, dena da berri. Eta langileak ezohiko lanetara egokitzen dabiltza. «Biltegi arrunt batean jakingo dute hau guztia nola kudeatu, baina guretzat berri-berria izan da dena».

Antolatu dira hala ere, eta gorabeheren gainetik, martxa onean ari dira eskaerei erantzuten. Gunearen bazter batean, ordenagailuen aurrean ari dira lanean bospasei kide. Salgairen bat agortzen bada, edo gehiago ekarri badituzte, aldaketak erregistratzeaz arduratzen dira. Eta haiek jasotzen dituzte eskari guztiak ere. Inprimatu, eta kartoizko kaxa batean biltzen dituzte. Beste lankide batek orrietako bat hartu, eta korridoreetan barrena egingo du eskatutakoaren bila, diskoetxe, argitaletxe edo eragile bakoitzaren txarteltxoa duten mahaietara. Behin dena jasota, beste mahai luze batera joko du, eta beste lankide batek dena ongi dagoela baieztatu ostean, behar duen neurriko kartoizko kaxa bat aukeratu, eta txukun bilduko du dena bertan. Eskaera orria berriro egiaztatu, eskatzailearen datuak dituen pegatina itsatsi, eta kaxa gehiagoz betetako orga batean sartuko dute. Biltegiaren ate ondoan orgak pilatuz joan dira, kaxak etxeetaraino eramango dituzten furgonetak noiz jasoko zain, klik batekin hasitako bideari amaiera emateko.

Eta hala, hasi dira jada etxeetara iristen liburuak, diskoak eta bestelakoak. Askotarikoak, Garciaren hitzetan. Entziklopediak barne, langile gazteenen harridurarako. Binilo dezente, CDak ere bai. Eta egutegi ugari, Arantzazukoa, Seaskarena... Garcia: «Ni harritu nauena izan da eskari gehienek ez dutela produktu bakarra, ia denek daukatela bat baino gehiago. Eta batzuk oso kaxa handiak izan dira, baina oso handiak».

Gaur izango da Durangoko Azokako denda digitalean erosketak egiteko azken aukera.

Ezustekoen gainetik

Zaila izan da denda digitalak eskatuko zuen lana aurreikustea. Eta uste baino bolumen handiagoa ekarri duenez, aldian-aldian aldaketak egiten joan dira. Jende gehiagori deituz joan ziren lanerako, adibidez, eskaera kopuruak ikusita, esku gehiagoren premia ikusi baitzuten. Paul Estankonak laugarren urtea du azokan; informazioan ibili izan da aurreko aldietan; eskariak biltzen eta kaxak prestatzen, oraingoan. «Aurten oso desberdina da. Beste dinamika batean, baina lasai ibiliko ginela uste genuen. Eta ikusi dugu lan asko-asko dagoela hemen», azaldu du, irribarrea galdu gabe.

Arazo teknikoak izan ziren lehen egunean, «eskaera pila» zela- eta, baina eman zioten buelta, eta konponbideak aurkituta, berriro hasi zen bueltaka gurpila. Ezusteko gehiago ere izan da, esaterako, kaxak jaso eta etxeetara eramateko, aurreikuspena zen Correos-eko furgoneta egunean behin pasatzea, baina eskari kopuruagatik, pilatuz joan zaizkie kaxak ate ondoan, eta sarriago joateko eskatu diete azokatik. Hainbat argitalariren aurreikuspena ere gainditu da, uste zutena baino lehen agortu baita Landakora eraman zutena; hala esan diote Garciari, ale gehiago eramatera joan direnean: «Harrituta zeudela, ez zutela halakorik espero esaten zuten. Egia da ere aurten inork ez zekiela oso ondo zenbat ekarri».

Ezusteko ororen gainetik, lanean jarraitzen dute Landakon. Beste klik bat egin baitu norbaitek etxeko epeletik. Eta berriro ere martxan hasi baita gurpila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.