Argazkilaritza

Koch familiaren argazki artxiboa jaso du dohaintzan San Telmo museoak

 "Beharrezko funtsa" da museoarentzat Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sifgrido Koch Arruti argazkilari donostiarren artxibo bilduma. Milaka pieza jaso dituzte, eta guztiak erregistratzeko prozesu teknikoa hasi dute.

Sigfrido Koch Arrutiren bildumako argazki bat. SAN TELMO MUSEOA
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 17a
16:20
Entzun

Negatiboak, plakak, diapositibak eta positiboak; Koch familiaren argazki bilduma osoa jaso du dohaintzan Donostiako San Telmo museoak. Familiaren "eskuzabaltasuna" eskertu dute hango ordezkariek, baita lanerako "konpromiso serioa" adierazi ere. Aita-semeak ziren Sigfrido Koch Bengoetxea (Donostia, 1908-1973) eta Sigfrido Koch Arruti (Donostia, 1936-1992), eta, izen-abizenez gain, bazuten elkarren arteko beste ezaugarri bat: argazkilariak ziren biak. Euskal Herriaren inguruko bilduma zabala osatu zuen nork bere aldetik. Gaur aurkeztu eta sinatu dute hitzarmena Koch familiak eta San Telmo museoko ordezkariek.

Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak nabarmendu du zein egoera onean jaso duten argazki bilduma, familiak zaindu duelako orain arte. Hemendik aurrera, lan horiek "kontserbatu eta zabaltzea" da museoaren ardura, eta prozedura teknikoa abiatu dute dagoeneko: bilduma osatzen duten material guztiak erregistratu, katalogatu eta lokalizatuko dituzte. Gainera, bilduma digitalizatzeko plan bat egin du San Telmo museoak, eta webgunean zabalduko du katalogo osoa.

Koch Arruti semearen lana Koch Bengoetxea aitarena baino zabalagoa da, eta lan handiagoa izango dute prozesu osoa egiten. Horregatik, laburretik abiatu eta hasi dira Koch Bengoetxearen funtsarekin antolatuko den lehen erakusketarako lanean: datozen hiru urteen barruan egingo da, Lee Fontanella komisarioaren gidaritzapean. Koch Arrutiren erakusketa antolatzeak luze joko du oraindik, eta hamar urteko epea jarri dio museoak bere buruari, "gehienez ere".

Koch Bengoetxearen bilduman, kristalezko 147 plaka; plastikozko 656 plaka; 35 mm-ko 36 negatibo; País Vasco. Guipúzcoa liburuaren jatorrizko maketa, 138 positibatu barne; eta Gerraren albuma daude. Album hori bera "ustekabe garrantzitsua" izan da museoarentzat. 1936ko gerraren inguruko lana da, formatu txikiko 231 argazkiz eta hainbat ilustrazioz osatua. Euskal Herritik kanpoko argazkiak ere badaude bilduman, eta, duen balioagatik, "oihartzun zabala eragingo luke", Carlos Canovas argazkilariaren ustean.

Koch Arrutiren bilduma askoz ere zabalagoa da: 5.000 diapositiba inguruk, negatibo-artxibategi ugarik, handitzeek, fotolitoek, San Telmon egindako erakusketaren argazki markoztatuek, eta publizitate lanetako negatibo eta diapositibek osatzen dute bildumaren zati nagusia. Lan hori ezagunagoa da Koch Bengoetxearena baino: "Denon iruditerian dago", Soto zuzendariaren hitzetan. Euskal kulturak lan horietan duen pisua nabarmendu du: "Gure herri osoa bilduma honetan azaltzen da".

Bi argazkilari, funts bakarra

"Hunkituta" agertu dira Arraitz eta Edurne Koch Elizegi argazkilarien alabak eta bilobak. Azaldu dute haien aitak eta aitonak harreman hurbila zutela museoarekin, eta sarri ibiltzen zirela klaustroan paseoan. Aitak haiek ere eramaten zituen ondoren. Dohaintzarekin, "zirkulua itxi egin da" haientzat.

Sotok esan du bi argazkilarien lanen artean aldea dagoen arren, artxiboa leku fisiko bakarrean jarriko dutela, museoan funts bakarra sortuta: Koch bilduma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.