Artea

Kode bitarrean idatzitako artea

Artearen eta teknologia digitalaren bidegurutzean aritzen diren 20 artistaren 16 lan bildu ditu Azkuna zentroak Open Codes. We are data erakusketan. Urtarrilaren 26ra arte egongo da ikusgai.

'Open codes. We are data' erakusketaren aurkezpeneko irudi bat. AZKUNA ZENTROA
Inigo Astiz
2019ko urriaren 23a
21:21
Entzun

"Mundu digitalaren ateak zabaltzen ditugu". Esaldi horrekin laburbildu du Bilboko Azkuna zentroan zabaldu berri duten Open Codes erakusketaren helburua Peter Weibel Alemaniako ZKM Center for Art and Media zentroko zuzendariak. Berak jarri zuen abian orain Bilbon zabaldu duten erakusketaren ideia, baina, gaixotasun baten ondorioz, bideo bidez proiektatu behar izan dute haren aurkezpen hitzaldia aretoan. Baina azaldu duenez, anekdota hori ez da kasualitate soil bat, hain zuzen, mundu analogikotik mundu digitalerako transformazio betean deskribatu baitu gizartea. “Gure bizitza janzteko kode bati lotuta doa, gure gorputzak kode anatomiko, kode genetiko bat betetzen du, eta kultura eta hizkuntza kodeak ere baditugu. Hortaz, gure zibilizazioa kodeen batura eta multzo bat da. Baina, gaur egun, kodeen unibertso berri batean barneratzen ari gara”. Eta horregatik defendatu du mundu digitalari buruz gogoeta egiteko beharra. Haren ustez, akatsa bailitzateke mundu digitalaren gidaritza “soilik” enpresei uztea. Eta arteak egin dezakeen ekarpenaren lagin bat da erakusketa. Artea, beraz, letraz letra, baina kode binarioan idatzia: 01100001 01110010 01110100 01100101 01100001.

Lau ispiluko pieza batek ilustratzen du mundu analogikotik mundu digitalerako jauzi hori erakusketa aretoko atarian bertan. Ispilu analogiko batean ikusiko du bisitariak bere burua lehenik, eta digitalizatuz joango da irudi hori hurrengo ispiluen aurrean jarri ahala. Silueta digital bat bilakatuko du bigarrenak ikuslearen gorputza; adimen artifizialaren bidez adina, generoa eta altuera kalkulatuko dio hirugarren ispiluak; eta kode genetikoaren simulazio digital moduko bat eskainiko dio laugarrenak. Bernd Lintermann eta Peter Weibel dira artelanaren sortzaileak, eta egungo mundu ikuskeraren bilakaeraren erakusgarri da pieza Blanca Gimenez erakusketako komisarioaren hitzetan. “Urrats bat bakarrik dago lehen ispilutik hurrengoetara, baina oso urrats garrantzitsua da”.

Artearen eta zientziaren bidegurutzean daude erakusketako gainontzeko pieza guztiak, eta gehienek lortu nahi dute bisitariaren parte hartzea. Eskultura itxurako pieza bat eskuetan hartzera gonbidatzen ditu ikusleak Adam Slowik, Christian Lolkes eta Peter Weibel artistek sortutako Alphabet Space artelanak. Tutu beltz batekin osatu gabe geratzen den kubo hustu bat dirudi piezak lehen begiratuan, baina alfabeto latinoko 26 hizkiak erreproduzitzeko balio duen hiru dimentsioko tresna bat da berez. “Idazteko makina baten pareko zerbait”, Slowik-ek azaldu duenez. Bisitariak eskuetan har dezake pieza, biratu dezake, mugitu, eta, denbora eskainiz gero, alfabeto osoa erreproduzitzeko gai izango da, eskulturaren bi dimentsioko irudikapena erakusten duen pantailaren laguntzaz.

Fikzioaren zer urtetan bizi garen

Baina bada jolasaz haragoko gogoetarik ere. Esate baterako, bitcoin izeneko moneta digitalak sortzen dituzten makinak erakusten ditu Ubermorgen kolektiboaren Chinese Coin (Red Blood) instalazioak, eta Stockholmeko Pion herriko lurpeko bunker antinuklearrean dagoen datu digitalak biltzeko zentroaren irudiak erakusten ditu Emma Charles artistaren White Mountain bideoak. Eta badira arreta bideo zaintzaren itzalguneetan edo adimen artifizialaren erabilera polizialean jartzen duten beste hainbat lan ere.

Fikzioaren zer urtetan bizi garen markatzen du Usue Arrieta eta Vicente Vazquez artistek sortutako erloju digitalak. Zinema asmatu zenetik hona gizateriak sortutako fikzio zinematografiko orduak kontabilizatzen dituen programa bat diseinatu du bikoteak, eta erloju itxuran erakusten ditu orain arte sortutako fikziozko ordu guztiak. “Norbaitek orain arte munduan sortu diren pelikula guztiak ikusteko beharko lukeen denbora kalkulatzen du piezak”, azaldu du Arrietak. Interneteko IMDB plataformak biltzen dituen datuak konprobatzen ditu orduero programak, eta etengabe eguneratzen du datua ordulariak Azkuna zentroko aretoan. Denbora errealean.

“Azkar doaz minutuak”, esan du irribarrez Arrietak. 2010ean konektatu zuten lehenengoz programa BilboArte aretoan, eta 62 fikzio urte erakusten zituen erlojuak orduan. Bederatzi urteren ostean, nabarmen egin du gora zenbakiak orain. Erlojuaren arabera, zinema sortu osteko 158. urteko azaroaren 13a baita, zehazki orain, eta eguerdia pasatxo da jadanik. 13:39, 13:40, 13:41, eta etengabe gora.

Aretotik irteten den erakusketa

Erakusketaren zazpigarren geldialdia izango da Bilbokoa. Alemaniako Karlsruhe hirian egin zuten lehena, adibidez, han baitago ZKM Center for Art and Media zentroa, eta haiek izan baitira erakusketaren bultzatzaile nagusiak. Lekuz leku transformatuz joan da artelan bilduma, halere, eta lekuan lekuko sortzaileen lanak ere hartu dituzte. Eta gune bizia izango da erakusketa, gainera. Hitzaldiak ere antolatuko dituzte aretoan, elkarrizketak, topaketak eta zinema zikloak. Eta motibo horregatik topatuko du bisitariak aretoa aulki, sofa eta lanerako mahaiz beteta.

Erakusketaren zabalpen asmoa nabarmendu du Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak. “Ez da ohiko erakusketa bat: aretotik irten egiten da”. Ez da erretorika hutsa: eraikin osora eraman dituzte artelanak, eta Mediatekan, atrioan eta ariketa fisikoen gelan ere hainbat pieza jarri dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.