Film laburren eta dokumentalen arloan ibilbide luzea egina du Koldo Almandozek (Donostia, 1973). Sipo Phantasma izan zuen lehen lan luzea, Rotterdamgo zinema jaialdian estreinatu, eta 2016. urtean Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsi zuena. Orain, haren bigarren film luzea, Oreina, hautatu du jaialdiak, Zuzendari Berriak saileko lehiarako. Sail berean aurkeztuko dituzten beste hamabi filmen izenak jakinarazi dituzte Zinemaldiko arduradunek, Europa, Asia eta Latinoamerikako zinemagileek ondutakoak, baina zehaztu dute beste "pare bat" gehiago geratzen direla oraindik iragartzeko. Kutxabank-Zuzendari Berriak sariagatik lehian izango dira guztiak; nazioarteko epaimahai batek erabakiko du nork jasoko dituen sariaren 50.000 euroak.
Almandozen lanaz gain, Argentina, Danimarka, Espainia, Japonia, Kosovo, Mexiko, Errumania, Errusia, Suitza eta Vietnamgo hamabi sortzaileren lehen edo bigarren filmak erakutsiko dituzte sail horretan. Bederatzi opera prima daude hautatutakoen artean, eta lau bigarren film. Tartean dira, besteak beste, Elias Leon Siminiani espainiarraren Apuntes para una película de atracos; Natalia Mestxaninova errusiarraren Serdtse Mira / Core of The World; Hiroshi Okuyama japoniarraren Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus; eta Ines Maria Barrionuevo argentinarraren Julia y el zorro filmak.
Zuzendari Berriak sailaren helburua talentu berriak bilatzea eta ezagutzera ematea dela gogorarazi du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak, Gerardo Cangas Kutxabankeko ordezkariarekin batera eginiko agerraldian. Aurtengo filmek jorratzen dituzten gaiei dagokienez, aniztasun handia dagoela nabarmendu du.