Koldo Almandozek Donostiako 64. Zinemaldian erakutsiko du bere lehen lan luzea, Sipo Phantasma (Untzi fantasma). Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dute zinemagile donostiarraren filma, eta beraz, saria eskuratzeko hautagaien artean izango da; izan ere, lehen aldiz lehiazkoa izango da saila. Atal berean, euskal zinemagileek ondutako beste bi lan izango dira ikusgai: Mikel Ruedaren Caminan (Bidean) eta Las chicas de Pasaik kolektiboko Maria Elorzak eta Maider Fernandez Iriartek zuzendutako Gure hormek / Our Walls film laburrak.
Beste euskal ekoizpen bat, Kalebegiak, Belodromoan estreinatuko dute. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak sustatutako proiektua da, eta hamabi zinemagilek ondutako beste horrenbeste film laburrekin osatu dute lana. Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribek parte hartu dute proiektuan; Donostian inspiratutako lanak sortu dituzte guztiek.
Zinema jaialdian izango diren beste hainbat izenburu jakinarazi ditu Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, Madrilen, Espainiako Zinemaren Akademian egindako agerraldian. Sail Ofizialean, Alberto Rodriguezen El hombre de las mil caras, Rodrigo Sorogoyenen Que Dios nos perdone eta Jonas Truebaren La reconquista lanak izango dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian, aurrerago jakinaraziko dituzten beste hainbatekin batera. Sail berean, lehiaz kanpo, Juan Antonio Bayonaren A Monster Calls ikusi ahal izango da, Donostia Saria jasoko duen Sigourney Weaver protagonista duena. Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan, berriz, Zinemaldiko zuzendari izandako Diego Galanen Manda huevos, eta Jo Solen Vivir y otras ficciones erakutsiko dituzte.
Horizontes Latinos sailean, iazko Zinema Eraikitzen saileko irabazlearen lana ikusi ahal izango da, Eliane Cafferen Era O Hotel Cambridge. Perlak sailean, berriz, Pablo Larrainek zuzendutako Neruda emango dute.
Irailaren 16tik 24ra bitarte egingo dute Donostiako 64. Zinemaldia.