Kolore bat larunbat goizero

Askotariko hamasei kontzertu antolatu ditu EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramongo Matineeak ziklorakoDaniel Muller-Schott txelo jotzailea eta Judith Jauregi pianista ariko dira EOSekin

EOSeko zuzendari nagusi Iñigo Alberdi (bigarrena ezkerretik) eta orkestrako hainbat musikari, atzo, Matineeak aurkezten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Beethoven, Mozart, Haydn, Handel, Schubert, Piazzolla, Aita Donostia, Guridi, musika garaikidea, jazza, tangoa, hirukoteak, laukoteak, boskoteak, sokak, haizeak, udaberria, uda, udazkena, negua... osagai horiek guztiak eta gehiago bildu dituzte EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek Miramongo Matineeak zikloaren egitarauan. Musikaren kolore bat erakutsiko dute larunbat goizero Donostian eskainiko duten emanaldietako bakoitzean. Fusioa eta esperimentazioa lantzeko aukera da musikarientzat, eta horien fruitua frogatzekoa entzuleentzat. Askotariko hamasei emanaldi eskainiko dituzte Miramonen orkestrak duen egoitzan. Irailaren 24an izango da lehena, eta ekainaren 2ra bitarteko egitarau anitza osatu du EOSek zikloaren hogeigarren denboraldirako, abonamenduko kontzertuen osagarri.

Urtetik urtera, gero eta proposamen gehiago aurkezten dituzte musikariek, eta gero eta zailagoa zaie orkestrako arduradunei horien artean gutxi batzuk hautatzea. 2011-2012 denboraldirako aukeratu dituzten hamasei emanaldietan aniztasuna da ezaugarri nagusia. Johann Sebastian Bach-en piezak aukeratu dituzte zikloari soka instrumentuen doinuekin hasiera emateko, baina Ludwig van Beethovenek haize taldeentzat sortutako obra guztiak eskainiko dituzte orkestrako haizezko tresnetako musikariek hurrengo emanaldian. Sokak izango dira nagusi berriro ere Jesus Guridiren eta Aita Donostiaren piezak interpretatuko dituzten emanaldian. Kontzertuarekin, bi euskal musikariak omendu nahi dituzte, bien jaiotzen 125. urteurrenean.

Baina, kontzertuak ez ezik, orkestraren entsegu orokorretako bat ere ikusi ahalko dute Miramonera azaroaren 5ean hurbiltzen direnek. Judith Jauregi piano jotzaile gaztea ariko da bakarlari gisan musikariekin, eta Wolfram Christ zuzendariaren aginduetara guztiak. Mozarten obrekin egun batzuk geroago Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean eskainiko duten kontzertua prestatzen ariko dira publikoaren aurrean. Baina Jauregi ez da Matineetara gonbidatutako bakarlari bakarra. Daniel Muller-Schott biolontxelo jotzaile alemaniarrak errezital bat eskainiko du maiatzean, abonamendu denboraldian EOSekin egingo duen kontzertuaz gain.

Fusioaren eta esperimentazioaren bidetik jarraitzeko, ahots taldeak ere gonbidatu ditu EOSek ziklora. Errenteriako Andra Mari Abesbatzarekin errepertorio erabat erromantikoa eskainiko dute, tronpak eta harpak lagunduta. KUP taldeko abeslari gazteak ariko dira ondoren, Matineen hurrengo emanaldian. Elkarlana ez da abesbatzetara mugatuko, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta EOSeko perkusio taldeak elkarrekin ariko dira beste emanaldi batean. Jesus Egiguren konpositore durangarraren obra baten erabateko estreinaldia eskainiko dute perkusionistek. Tubhariak, harizko laukote batek eta Oscar Abella tuba bakarlariak osatutako taldeak, berriz, Abellaren pieza baten erabateko estreinaldia eskainiko du.

XX. mendeko musika, biolontxeloarentzat sortutako piezak, Georg Friedrich Handelen ariak eta korno ingelesaren doinua entzungo dira beste kontzertu batzuetan. Baita beste musika mota batzuk ere: tangoa, Astor Piazzollaren Cuatro estaciones porteñaslanean; edo hari tresnekin interpretatutako jazz pieza ezagunak, Gonzalo Tejada, Iñaki Salvador eta Vincent Thomasek osatutako hirukotearen inprobisazioekin.

Musikaren «kaleidoskopioa»

Orkestrako lanaz gain, musikariek ganbera musika jorratu ahal izateko helburuarekin hasi ziren zikloa antolatzen, 1993an. Ordutik, hogei denboralditan, 338 kontzertu eta milaka entzule bildu dituzte Matineek larunbat goizero. Ekimen aberasgarria dela uste du Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak; batetik, orkestra hainbat taldetan banatuta entzuteko aukera ematen duelako, eta bestetik, kontzertu sinfonikoen aldean «beste aniztasun bat» aurkez dezaketelako musikariek.

Zikloak Kutxaren babesa duela nabarmendu du Mikel Mendarte Gizarte Ekintzako arduradunak, «kontzertuok larunbatero musikaren mila aurpegiak erakusteko kaleidoskopio bihurtzen baitira».

@Informazio gehiago biltzeko, bisitatu web hau: www.euskadikoorkestra.es
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.