Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoa biziberritu dute Jose Lodeiroren koadroek (Vigo, Galizia 1930-1996). Pareta zuri eta harrizko arkupeek itxura apala ematen diote aretoari. Margolari galiziarraren koadroetan kolore biziak eta forma geometrikoak ageri dira. Koloreak begietara jotzen du, eta mundu berezi batean sartzeko aukera ematen dute artelanek. Argizko ateak du izena erakusketak, eta Lodeiroren 27 oliok eta 14 guaxek osatzen dute. Abuztuaren 18ra bitarte izanen da zabalik.
Lodeiro erreferente izan da galiziar pinturan. Konposizio geometrikoak eta kolore aniztasuna dira haren obraren adierazgarri nagusia. Haren ekarpena azpimarratu du Fermin Alonso Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura ordezko zinegotziak: «Ezinbesteko artista izan zen bere garaikidetasun artistikoarengatik». Lodeiro 1970eko hamarkadan nagusi zen gehiegizko espresionismotik urrundu zen, eta bere estetika propioa landu zuen. Galizian aitzindari bihurtu zen margolarien artean. Horregatik, bertako arte garaikidea ulertzeko beharrezkoak dira haren obrak.
Kolorez beteriko koadroak aurkitu daitezke Lodeiroren erakusketan. Bere obran naturan aurki daitekeen oreka kromatikoa irudikatu nahi zuen, eta forma sinple eta geometrikoez baliatu zen. Horren emaitza dira serie erotikoak eta paisai kosmikoak. Alonsok esan du margolari galiziarraren lanean ez daudela progresiboki garatzen diren etapak: «Bilaketa pertsonal bat egitea hautatu zuen». Lodeirok berak esaten zuen bere koadroak «ederrak», «bakartiak» eta «serioak» zirela.
Bardean inspiratuta
Artistak Nafarroarekin zuen harremanaz mintzatu da Victoria Rodriguez, alarguna. Nafarra da bera, eta Caparroson ezkondu zen margolariarekin. «Herrian gehiago ezagutzen zuten bera ni baino». Iruñearekin ere izan du lotura Lodeirok, bi bider izan baitira bere koadroak han. Margolanetan ere antzeman daiteke Nafarroarekiko zuen lotura txiki hori. Izan ere, Bardean inspiraturiko koadro bat dago erakusketan.
Senarraren izaera borrokalaria ere aipatu du Rodriguezek. «Galiziako politikan asko inplikatu zen». Lana gogoz egiten zuenez, «pinturaren langilea» ere deitzen zuten. Artearen munduan zeresana eman zuen; orduko estiloarekin «hautsi» zuen, Rodriguezen hitzetan.
Mistoen aretora sartu, eta beheko solairuan biltzen dira Argizko ateak erakusketako koadroak. Bi zatitan banaturik dago aretoa. Sarreran forma geometriko bakunak erabiltzen dituzten koadroak daude. Erretratuak dira nagusi, baina abstrakziotik gertuko paisaiak ere badaude. Kolore gorriak nagusi dira, eta horrek bere langile klasea ekar dezake gogora. Bigarren zatian, berriz, kolore gehiago biltzen dira koadroetan, eta ez dira besteak bezain sinpleak. Hiri paisaien antza dute, batik bat. Argia da lan horietan Lodeirok paisaiak eta pertsonak forma geometriko sinpleekin irudikatzeko zuen gaitasuna.
Artistari buruzko liburuxka bat kaleratu du Iruñeko Udalak, zenbait adituren testuekin.
Kolore bizidun argizko ateak
Jose Lodeiro margolari galiziarraren artelanak biltzen dituen erakusketa prestatu dute Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu