Veneziako zerua zeharkatzen duten koloretako usoak hiri horretan bihartik aurrera egingo den Arkitektura Biurtekoaren iragarle bihurtu dira egunotan. Julian Charriere arkitekto suitzarrarena izan da ideia: hiriko teilatuetan usoentzako janari berezia utzi, haien osasunari kalterik egin gabe kolorea aldatzen dieten produktuekin kutsatua. Dagoeneko 600dik gora uso dira ohiko kolore txuria eta grisa erakutsi ordez Veneziako zerua kolore biziz betetzen ari direnak. Pigeon sSfari is Open in Venice izenburua ezarri dio artistak egitasmoari (Usoen safaria irekia dago Venezian).
«Usoak gure esparru urbanoan parte dira, baina haien aurka borrokatzen gara animalia masa bereiziezina balira bezala», adierazi du Charrierek. «Haietako bakoitzak bere nortasuna du, ordea, eta kolore berri batekin erakutsi egin dezake hori». Ekintzak eztabaida piztu du. Batzuentzat, benetako egitasmo urbanoa da, eta beste batzuentzat, probokazioa.
Toyo Ito arkitekto japoniarra da egunotan Venezian oso aipatua izaten ari den beste sortzaile bat. Iazko tsunamiaren ondorioz etxerik gabe geratu zirenei elkartzeko eta lasaitzeko aukera emango dien eraikin bat diseinatu du Itok Japoniako Rikuzentakata herrian eraikia izateko, Denontzako etxea egitasmoaren barruan. Toyo Itorekin batera, Kumiko Inui, Sou Fujimoto eta Akihisa Hirata arkitekto gazteek hartu dute parte egitasmoan. Japoniak Veneziako Arkitektura Biurtekoaren aurtengo ekitaldian izango duen pabiloiak egitasmo horren berri emango du 150 maketaren eta film dokumental baten bitartez. Architecture. Possible Here? izango da Japoniako pabiloiaren lema (Arkitektura hemen? Posible ote da?).
Koloretako usoek iragarri dute Venezian Arkitektura Biurtekoa
Julian Charriere arkitektoaren 'Pigeon Safari is Open in Venice' egitasmoak eztabaida sortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu