Kolpe gogorrak

Agus Perez.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zuzendaritza: Fernando Bernues. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: Urriak 22.

Agus Perez

Genero indarkeriaren kontua gero eta gehiago ari da eszenatokietan agertzen, eta urtebeteko epean gutxienez beste bi antzezlan erakutsi dira Euskal Herrian. Tamalez, gaia pil-pilean dago azken urteotan, baina taula gainean hainbatetan agertu izana konpainia batzuen konpromiso sozialaren seinale da, behintzat.

Aurrekoetan ikusitako bi muntaietan biktimaren suntsipen psikologikoa (Rosas rojas) eta torturetan matxismoak duen garrantzia (El jardín del mundo) azaleratu ziren nagusiki. Rafael Herrero Martinezek idatzitako No me hagas daño antzezlanak, ordea, arestian aipaturiko kolpe gogorrekin egina dago -bestela ez zen sinesgarria izango-, baina aldi berean beste pertsonaia batzuk sartzen ditu eta etxe barruko gaizkilearen nortasunaren azterketa egiten du, argumentuaren antzerki-egitura aberastuz eta gaiaren inplikazioetan sakonduz.

Tanttakaren lan guztietan bezala, sendotasuna izan da muntaiaren ezaugarri nagusia, eta horretan pisu nabarmena izan dute aktoreek, agertokia ia hutsik agertu delako, erabateko lehentasuna beraiei emanez. Kike Diaz de Radak sinesgarritasun osoz bete du senar paranoikoaren pertsonaia, eta Maiken Beitiak ere bikain gauzatu ditu biktimaren izua eta kontraesanak. Isidoro Fernandezek, jakina, bere betiko efikaziarekin gorpuztu du bitartekariaren betebehar zaila, eta Olaia Gil eta Tania de la Cruz ganoraz eta txukun ibili dira alaba helduaren eta haren lagun kolonbiarraren roletan.

Antzezleen inguruko eremu eszenikoa eta dramaturgia bera garrantzi handikoak izan dira testua eta antzezpenak portu onera eramateko. Alde horretatik beti izan dira esanguratsuak antzezleek eremu eszenikoan hartutako kokapenak, eta Xabier Lozanoren argiztapen zehatzak asko lagundu du zeregin horretan. Gainera, agertokiko barrualdean ikusleentzako besaulki lerro bat paratu dute eta antzezleak han jesarri dira eszenan bertan ez zeudenean, aretoko ikusleen ispiluarena subliminalki eginez, eta horrela adieraziz gai mingarri hau gizarte osoaren eta gutariko bakoitzaren erantzukizuna dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.