Komedia moduan hasi, istorio erromantiko bilakatu eta drama ukituarekin amaitu. Hiru genero horietatik bidaia eginez ikusleari aldarte desberdinak eragiteko gaitasuna dauka Richard J. Lewis kanadarraren Barney's Version bigarren film luzeak. Zabaltegi-Bitxiak sailean aurkeztu zuten atzo. Sentimendu hain desberdinak sortzeko iaiotasun hori eskertuko dute zenbait ikuslek, eta beste zenbaiti irudi dakioke denak ukitu baina bakar bat ere ez duela behar bezala sakontzen. Nolanahi den, sentimenduetan atximur egiteko trebezia hori du filmak amu eraginkorrenetako bat, eta bestea, zalantzarik gabe, aktoreen lana da. Paul Giamatti aktore estatubatuar ezagunak (Sideways) ñabardura egokiz eta tentsioz jokatzen du Barney Panofsky protagonistaren rola. Rosamund Pike ingelesak estiloa eta samurtasuna azalera itsasten dio haren hirugarren emazte eta bizitzako amodioa denari, eta, horrenbesteko protagonismorik ez duen arren, Dustin Hoffman aktore beteranoak gatza eta piperra ematen dizkio istorioari protagonistaren aitarena egiten.
Bi protagonista nagusiak eta zuzendaria bera Donostian izatekoak ziren atzo, baina aita izan berritan, azkenean ezin izan zuen bidaiatu Richard J. Lewisek. «Kimika berezia» erakusten dute Giamattik eta Pikek istorioan, eta kimika berarekin azaldu zuten atzo ongi elkar hartzearen arrazoia, batak zein besteak. «Lehenagotik ezagutzen nuen Rosamunden lana, eta izugarri gustatzen zitzaidan. Gero, aurrez aurre izandakoan ikusi nuen benetakoa zela nire irudipena, eta oso erraza izan zen berekin lan egitea», azaldu zuen Giamattik. Pikek istorioaren edertasunari ere egozten dio bien artean ulermen ona egotearen arrazoia. «Galdera ona da. Zergatik konektatzen dugu norbaitekin? Kasu honetan bidean istorio eder bat genuen. Istorio erromantiko bat dago oinarrian, eta istorio horrek bultza ninduen ni barneko guztia ateratzera. Eta barnekoa ateratzen duzunean sor liteke kimika hori».
Mordecai Richler idazle kanadarraren izen bereko nobelan oinarriturik dago filma, eta Donostiara iritsi aurretik Veneziako eta Torontoko zinema jaialdietan parte hartu du. Barney Panofsky whiskia eta habano zale judu kanadarraren bizitza berezi eta gorabeheratsuko lau hamarkada kontatzen ditu istorioak, umorez batzuetan -gazte garaiko pasarteetan, batez ere-, eta samurtasunez sarri.
Istorioaren amaiera aldera alzheimerrak gatibatuko du Giamattik antzezturiko pertsonaia, baina gaixotasuna modu leunean agertuko da. «Ez litzaidake gustatuko filma alzheimerrari buruz izatea. Uste dut zuzendariak oso ondo asmatu zuela gaixotasuna apurka-apurka, leunki, azal zedin, protagonismoa pixkana hartuz. Nire familian ezagutu ditut alzheimerraren ondorioak, nire amonak izan baitzuen; beraz, banekien nondik nora jo gutxi gorabehera».
Hoffman maisua
Istorioak protagonisten bizitzaren tarte handi bat hartzen du, eta ondorioz, zahartzearen fenomenoarekin topo egin zuten aktoreek. «Horretarako makillajea ezinbestekoa izan da, gehiegi nabarmendu gabe bere lana egin baitu. Pertsona zaharrago bat antzezteko mugak jarri behar dizkiozu zure gorputz mintzairari, adinarekin zenbait gauza ezin baitira egin. Baina, horretarako, garrantzitsuena lehenik zuk zeuk pertsonaia sinestea da, gero ikusleek ere sinets dezaten», nabarmendu zuen Pikek. Giamattiren aburuz, «errazagoa da pertsona zaharrago bat antzeztea, gazteagoa antzeztea baino. Gazteak libertate handiagoa dauka, eta ez dago hain mugaturik».
Bi protagonisten arteko elkar ulertzeaz gain, Dustin Hoffmanen partaidetzak aktore taldeari sostengu handia eman ziola azpimarratu zuen Giamattik. «Ni baino askoz aktore hobea izatez gain, oso giro ona jarri zuen filmaketan. Beti zegoen umorez eta txantxak egiten, eta oso ondo igaro genuen elkarrekin. Opari bat izan da harekin lan egitea». Rosamund Pikek ere esker oneko hitzak izan zituen aktore mitikoarentzat: «Aktore batek begietara begiratu behar duela esaten zigun. Gure pare-parean jarri eta begietara begiratzen zuen. Horrek indar handia ematen dio eszenari».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA
Komedia, erromantzea eta drama
'Barney's Version' filmak itxi du Zabaltegi-Bitxiak saila; irria eta malkoak tartekatzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu