«Komikiez hitz egiteak dotoretasun kulturala islatzen du gaur egun»

Ikerlarien eskura jarritako funtsa Europako komiki bildumarik onena dela dio Roman Gubernek

Roman Gubern eta Luis Gasca, bildumaren aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARP.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Komikienmapan letra larriz idatziko dute aurrerantzean Donostia. Errege-erregina Katolikoen kalean Komikiak-Gasca Bilduma zentroa aurkeztu berri dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Luis Gasca komikian adituak. Oraingoz zortzi mila dokumentu katalogatu badituzte ere, XIX. eta XX. mendeetako jatorri ugaritako hamarnaka mila agirik osatzen dute funtsa, gehienak komikiak: fanzineak, egileen biografiak, gutunak, hiztegiak, aldizkariak, monografiak... «Europako komiki bildumarik onena da, herri kulturak historia modernoan izan duen iruditeriaren altxorra», Roman Gubern idazle eta historialariaren hitzetan.

XX. mendeko herri kultura zorrotz aztertu du Gascak komikiez eta zinemaz idatzi dituen 145 liburuetan. Pasio horrek bultzatuta, mota askotako dokumentuak bildu izan ditu bizitza osoan, eta material horrek guztiak osatzen du orain Aldundiaren esku dagoen Gaska Bilduma. 2007an erosi zuen Aldundiak funtseko originalen parte bat (mila marrazki eta biñeta inguru). Gero, Gascak berak bildumaren beste zati bat eman zuen. Eta ondorengo negoziazioek Komikiak-Gasca Bilduma egoitza eta bere eduki osoa bertan egotea ahalbidetu zuten.

Orain ikertzaile eta adituen eskura dago materiala, baina etorkizunean herritar orori zabalduko diote atea. Dagoeneko Koldo Mitxelena Kulturuneko sareko katalogoan esekita daude bildumako zortzi mila dokumentuak.

Joan den ostegunean Komikiak-Gasca Bilduma aurkeztu zuten prentsaurrekoan bat etorri ziren bost hizlariak komikiaren egungo egoera aztertzerakoan: inoiz izan ez duen ospea eta prestigioa hartu du azken hamarkadan. Maria Jesus Aranburu Kulturako Foru Diputatua, Luis Gasca bera, Roman Gubern, Paco Camarasa Edicions de Ponent-eko zuzendaria eta Antonio Altarriba gidoigile eta komiki idazlea izan ziren aurkezpenean.

Eleberri grafikoa

«Komikiari buruz hitz egiteak dotoretasun kulturala islatzen du egun. Badirudi azken urteotan hedatu den eleberri grafikoa deiturak garbitu egin duela komikiaren izena», dio Altarribak. Modan dago komikia. Irakurleak jabetu dira umore eta ihesbiderako gaiez gain komikietan gai intimoak, konplexuak eta kritikoak ere aurkitu daitezkeela, Altarribaren ustez. Normalizazio garaia da komikiarentzat, «baina etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa zaigu iragana ez ahaztea, oinarrizko erreferentziak bermatzea».

Roman Gubernek gogoan du komikiaren iragan ez hain urruna. «Luis 40ko hamarkadan bilduma hau egiten hasi zenean, komikia haurtzaroan zegoen. Nazioarteko merkatuak oraindik ez zion baliorik ematen, produktu inozoa zen, plebeioa. Testuinguru horretan, inurri lana egiten hasi zen Luis. Egun ezin da horrelakorik egin, AEBetako unibertsitateak komikiaren mauka kulturalaz jabetu baitira. Eta, horrenbestez, nerabezaroa igaro zaie komikiei. Akademiaren mundura sartu dira. Produktu garestiak dira orain, eta Gascak egin zuen lana errepika ezina da. Herri kulturak benetan kontsumitzen zituen komikiak bildu ditu eta».

Azken hamarkadetako masa gizartea ezagutzeko «ezinbesteko erreferentetzat» jo du bildumaAranburuk. Eta aurrera begira «guztiz baliagarria» izango dela iragarri du Gubernek: «Marrazkilarientzat eta zinemako gidoilarientzat eskola izango da. Hamaika doktore tesi aterako dira hemendik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.