Urtero bezala, aurten, hamargarrenez, Ataramiñe elkarteak euskal preso eta iheslari politikoen literatura lanen bilduma argitaratu du, elkartearen izen bera duen liburu itxurako aldizkarian. Frantziako eta Espainiako estatuetako kartzeletan sakabanatutako hogei preso politikok egin dute aurten beren ekarpena aldizkaria osatzeko. Ataramiñe-ren helburu nagusietako bat presoen sormena bultzatzea da.
Literatur adierazpide asko biltzen dira Ataramiñe-n: poemak, bertsoak, prosazko lanak, irudiak... Irudiek garrantzi berezia dute aurtengo zenbakian, sei presok adierazi baitituzte beren sentipen edo bizipenak marrazki, eskultura edo pintura bidez.
Aurtengo Ataramiñe-ren argitarapenean aipamen berezia egin diote Jon Etxeandiari. Ataramiñe-ren sortzaile eta bultzatzaileetako bat izan zen hasieratik. Aurtengoa hura barik ateratako lehena da. «Gure konpromisoa haren lanarekin jarraitzea da, preso eta iheslarien mundua guretik hain urrun ez dagoela ikusarazteko», adierazi dute Amaia Urizar eta Mitxel Sarasketak, Ataramiñe elkartearen izenean.
Idazkietan nagusi den gaia komunikazioarena da, Sarasketak adierazi duenez. «Zer pentsa eman diezaioke horrek irakurleari. Bisitek, eta komunikazioak oro har, presoarentzat duten garrantziaren seinale da».
Ataramiñe-k ez duela presoen lan dena biltzen nabarmendu dute Urizarrek eta Sarasketak. Euskal presoek idatzitako hainbat liburu ekarri ditu gogora Sarasketak: Jokin Urainen Ez dago etxean eta Mikel Antzaren Ospitalekoak dira, beteak beste, aurten argitaratutako bi liburu.
Komunikazioa du gai nagusi aurten 'Ataramiñe' aldizkariak
Poema, bertso eta prosazko testuez gain, irudiak ere jaso dituzte, euskal presoek sortuak guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu