Zinema. Estreinaldiak

Konkista baten kronika

Nicolas Sarkozyk Frantziako lehendakari izateko egindako bidea aztertzen du 'La conquête' filmak

Xavier Durringerren La conquête filmeko irudi bat. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Azken urteotan Europako zinemagintzan ohiko bihurtu da politikari garaikideen gaineko pelikulak egitea: Tony Blair eta The Queen (Stephen Frears, 2006), Silvio Berlusconi eta Il caimano (Nanni Moretti, 2006), Mario Andreotti eta Il Divo (Paolo Sorrentino, 2008), Margaret Thatcher eta The Iron Lady (Phyllida Lloyd, 2011)... Oraingo honetan beste politikari ezagun bati ailegatu zaio txanda: Nicolas Sarkozyri. Eta Hego Euskal Herrian Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainaren erdian estreinatuko da filma.

Hain zuzen, aurreko hauteskunde kanpainan gertatuko da biopic honen atal nagusia. 2007. urtea da, eta Sarkozyk gertu du bere ametsa: Errepublikako presidente izatea. Jacques Chirac eta Dominique Villepinekin duen harremana ez da batere erosoa, haientzat kanpotar bat izaten segitzen du, arrotz bat goi mailako politikagintzan. Baina Sarkozyk argi du zer lortu nahi duen, eta lortu arte ez du etsiko.

Amarru eta jukutrietan maisu

Bost urte kostatu zitzaion Sarkozyri presidentetzarako aulkia lortzea. Ez zuen batere erraza izan, eta, horretarako, mota guztietako amarruak eta jukutriak erabili behar izan zituen. Urte horien kronika da Xavier Durringerren filma, eta Sarkozyren ibilbideari egindako azterketa politiko zorrotza. Aldi berean, handinahikeria horrek maila pertsonalean zer-nolako ondorioak izan zituen ere jaso du zuzendariak: boterea eskuratu baina, ahalegin horretan, emaztea galduko du politikari frantziarrak.

Nicolas Sarkozyrena egiteko Denis Podalydes aktorea aukeratu zuen Durringerrek. Presidentearen keinu, hitz egiteko molde eta mugimendu guztien azterketa sakona egin behar izan zuen aktoreak pantailan Sarkozy emateko. Bitxia eman badezake ere, Podalydes alderdi sozialistako jarraitzaile ezaguna da.

'LA CONQUêTE'

Zuzendaria: Xavier Durringer.

Aktoreak: Denis Podalydes, Hippolyte Girardot, Gregory Fitoussi, Bernard Le Coq.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2011.

Iraupena: 105 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.