Urteko azken proiektuak eta, era berean, Xabier Arakistain Arakisek zuzendutako etaparen azkeneko lanak aurkeztu berri dituzte Gasteizko Montehermoso kulturunean. Ocaña 1973-1983: Ekintzak, emanaldiak, aktibismoa eta Re. Act. Feminism#2 bildumek emango diote amaiera, urtarrilaren 15ean, sexuen arteko parekidetasun politikak ardatz izan dituen lau urteko egitasmoari.
Bartzelonako La Virreina zentroarekin elkarlanean, Jose Perez Ocañaren (Sevilla, 1947-1983) hamar urteko ibilbidea bildu du Montehermosok. Hain zuzen, urte haietan heldu zen Bartzelonara artista izateko, eta 1973an aurkeztu zuen lehendabiziko margolan erakusketa. Geroago heldu ziren ikuskizunak, nazioarteko erakusketak, musika eta politika ekitaldietan egindako agerraldiak eta gay eta lesbianen mugimenduaren alde egindako lana, betiere performancea eta ekintza uztartuz.
Ocañaren hamarkada emankor hura berrikusten du erakusketak, urte horietan bizi izan zituen gertaera garrantzitsuenetako batzuekin. Ramblatik emakumez jantzita paseatuz guztiak asaldatzen zitueneko argazkiak; Canet Rock jaialdian eta Jornadas Libertarias jardunaldietan parte hartu zueneko egunkari artikuluak; Ventura Pons zuzendariaren Ocaña, retrat intermitent pelikularen pasarteak; 1979an Berlingo Brandenburgoko Atean egin zuen agerraldia; La primavera obra La Capella aretoetan. Folklore eta bitxikerietatik harago, Ocañaren ekintza politiko, ludiko eta publikoaren inguruko bilduma da kulturunean ikus daitekeena. Probokazioa ardatz, «konplexu sexualez, politikoz eta kulturalez betetako gizartean mugitzen jakin zuen», Pedro Garcia Romero erakusketaren komisarioak azaldu moduan. «Garai hartako arte jardunak modu eszentrikoan jorratu zituen Ocañak, eta horrek haren ekintza lausotu egin zuen askotan; horregatik da interesgarria erakusketa hau, alde hori erakusten dugulako».
Euskal Herrira egin zituen bisitaldien ingurukoak ere aurki daitezke erakusketan, Oñatiko jaietan edo Donostiako Zinemaldian izan zenekoa tartean. Argazki, bideo, pelikula, margolan eta askotariko materialak 1970eko Bartzelonako underground irudietako bat ezagutzeko. «Inguru zingiratsuetan mugitzen zen, halako artistak mugitzen diren moduan, eta, azkenik, zapore malenkoniatsua uzten zuen, jaiaren ondorengo zapore hori», gogoratu du Garcia Romerok. 1983an hil zen Ocaña, haren herriko jaietan jantzita zeraman eguzki mozorroak su hartu eta izan zituen erreduren ondorioz.
Performance artxiboa
Kulturuneko ur biltegian, beste alde batetik, Bettina Knaupp eta Beatrice Ellen komisarioek prestatutako bilduma ikus daiteke, Re. Act. Feminism#2. Europako beste zazpi kultur gunerekin batera, «hazi eta zabaldu» egingo den bilduma. Ikuspegi feministari jarraiki, 1960ko hamarkadatik egunera arte egin diren performanceen artxiboa ikus daiteke.
Bideo, film, argazki eta testu bidez, 125 artista eta kolektiboren ekarpena biltzen du. Europa nahiz Amerika edo Asia, lau bazterretako lanak ezagut daitezke, etengabe handitzen ari den «behin-behineko ekintza bizia».
1960ko hamarkadan hasi zen performancea garatzen, arte forma independente bilakatuta, artista eta publikoaren gorputzak eta ekintzak arte bide gisa erabilita, eta, hain zuzen, bide horretan arakatu nahi izan dute Knauppek eta Ellenek. «Perfomancearen forma eta edukiari esker, bidea ireki zuten artean, feminismoa eta genero rolen kritika egin ahal izateko», azaldu du Knauppek.
Erakusketan, gainera, bisitariek eskuragarri dute proiektuaren inguruko informazioa: laburpenak, marrazkiak, testuak eta aurkibideak. Eta informazio bera aurki daiteke Interneten ere, www.reactfeminism.org webgunean. Proiektu hau «artxibo bizidunaren» ideia oinarri duela gogoratu du komisarioek: «Erabilera, berrerabilpena, eskurapena eta berrinterpretatzea nabarmendu nahi ditugu. Bestela esanda, emankor izatea da axola zaiguna».
Urtarrilean Euskal Herria utzi eta Kroazia, Polonia, Estonia, Danimarka eta Alemanian jarraituko du ibilbidea erakusketak, 2013ra bitartean, tokian tokiko ikerketa eta adituen lankidetzari esker, hazten jarraitzeko.
Konplexurik gabeko ibilaldia
Ocañaren inguruko erakusketa eta performance artxiboa aurkeztu ditu Montehermosok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu