Bilaketa etengabe baten istorioa. Edo konplikazio baten istorioa. Horixe da bertsogintzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera, Andoni Egañaren hitzetan. Bertsolarien txapelketa nagusiko finaletako gaiek azken urteetan izan duten bilakaerari erreparatzea ariketa egokia izan liteke bertsolaritzak nahiz bertsogintzak zein norabide hartu izan duten egiaztatzeko. Nekez topa liteke Andoni Egaña baino egokiagorik finaletako kartzeletako gaietan begi-belarriak jarrita bertsoak eta haren ingurumariak izan duten aldaketen berri emateko, ez da izan alferrik azken zazpi txapelketetan finalista. Horixe egin zuen Durangoko Plateruenan emandako hitzaldian, ostegun iluntzean, DF bertsozale eskolaren bigarren zikloko lehen ekitaldian.
Lau aldiz txapeldun izandakoa eta Igor Elortzak aurkezpenean «kanpe ohi» bezala aurkezturikoa -iazko txapelketan utzi zion txapeldun izateari, Maialen Lujanbioren mesedetan- ume baino ez zen Uztapidek irabazitako azken txapelketan, 1967an. Orduko hartan «Ama» jarri zieten kartzelako gai modura azken saiora iritsitakoei: «Beste ze esanik ez da esatian ama» puntu ezagun egindakoarekin amaitu zuen lehen bertsoa Uztapidek. Hamahiru urte igaro ziren txapelketa nagusirik gabe. 1980an Xabier Amurizak bere bi txapeletako lehena eskuratu zuen. Final hartan jarri zieten kartzelako gaia «Aita» izan zen: «...preso nengoen Zamoran eta han gelditu ia ero, / joan nintzen ta bertan nengola aita hil zitzaidan gero, / nahiago nuke edozer baino hemen bizirik balego», kantatu zuen Amurizak.
Bien artean alde nabaririk badago, Egañaren ustez: «Hilda dagoen edozein amarentzat balio duten hiru bertso dira Uztapiderenak. Garai hartan, entzuleen ehuneko handi batek partekatzen zuen ideia bat: 'ama baino ezer hoberik ez dago'. Erlijiotasun bat, familiaren ikuspegi bat partekatzen zuten. Uztapidek hori esanda jendea hunkitzea lortzen du». 80ko hamarkada hasieran gizartea arras aldatzen hasia zen, eta Amurizak beste bide bat hartu behar izan zuen: «Amaren inguruko topikoetatik bueltan gentozen asko ordurako. Askok ez genuen sinesten. Amurizak bazekien ordura arteko lurralde komunetan ibilita ez zuela lortuko jendea hunkitzea. Eta bere aitari kantatzen dio, aita bakarrari». Gaiak berak bakarrik ez, baizik eta «publikoak eta publikoaren joera eta ideologia orokorrek asko baldintzatzen dute bertsolaria».
Andoni Egañak berak parte hartu zuen lehen finala 1986koa izan zen, Bertsolari Elkarteak -hala deitzen zen orduan- antolaturiko aurrena. Honakoa izan zen jarri zieten kartzelako gaia: «Udaletxean hartu dituzuen erabakiak jakinarazteko, herrian kalez kale bandoa jo behar duzu». Lehen aldiz, fikzioa agertu zen kartzelako gai batean: «Aurrekoetan bertsolaria bere ahotik aritu zen, bere 'ni'-tik. 1986an fikzioan sartu behar izan genuen. Nahiko kritikatua izan zen orduan, ez baikeunden hartara ohituak».1989koan ere fikziotik kantatzeko eskatu zieten, logelatik itsasoaren zarata entzuten duen arrantzale zaharraren lekutik, hain zuzen ere. Lau urte geroago, 1993an, fikzioa berriro, baina berritasunez jantzita. Gai bakar bat eman beharrean, bi eman zizkieten aukeran bertsolariei, bakoitzak nahiago zuena aukera zezan. Ez zen hori izan berritasun bakarra. Aurreneko aldiz ez zituzten pertsonen talaiatik kantatzera behartu, gaietako batean zezen baitziren, eta bestean parke bateko banku: «Aldaketa horien oinarrian bertsozalea, publikoa zegoen. Ordurako, Espainian telebista kate pribatuak emititzen hasi ziren, zapping egiten hasi ginen, eta jendeari aspergarria gerta zekiokeen aukera bakarra izatea bertsolariek. Guztiek gai berari kantatzea aspergarria gerta zitekeelakoan eman zen aukera hori».
Garaian garaiko ereduak
1997an bi gai aurkeztu zituzten berriro kartzelako ariketan, baina, zozketak erabakiko zuen zeinek zer kantatu. 2001ekoan, fikzioa albora utzi, eta berriro ere bertsolariari bere ahotik kantatzeko eskaera egin zioten, eta gaiak bazuen bere konplikazioa: «Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke». Gaia bakarra, baina hari muturrak eta ertzak ugari.
Xabier Amurizak 80ko hamarkada hasieran ezarritako bertsokera mugarri bat izan zen, Egañaren iritzian: «Hortik aurrera, zailagoa zen akaso hitz eta esaldi potoloekin emozioa lortzen. Orduan hasten gara emozioa lortu nahian, adibidez, errima askoko bertsoekin. Eta bertsoa geroz eta korapilatuagoa bihurtzen da, eta gaiak ere bai, eta istorioak ere bai... eta, horrela, gaur egunera arte». Egungo bertsokeran ezaugarri batzuk gailentzen ari dira, Egañaren ustez: «Neurri handietako doinuetan, lehen, etena ia ezinbestekoa zen puntu bakoitzaren lehen lerroan. Oraingo bertsokerarako eten eta arau horiek gehiago dira oztopo, akaso. Hitz luzeak sartzeko baino hitz labur asko sartzeko joera dago, eta horretarako doinu batzuk besteak baino egokiagoak dira». Maialen Lujanbio du bertsokera berri horren paradigmatzat, eta orain egiten duena egitera iristeko egindako lana azpimarratu du: «Lan handia dago Maialenen bertsokeraren atzean. Gogoratzen gara duela 10 urteko Maialenek nola ekin zion zerbaiten bila, nahiz eta teknikoki akats batzuk egingo zituen hasieran. Orain azaldu nahi duena, azaldu nahi duen moduan, eta akatsik gabe azaltzen du. Hor lan handia dago, intentzio bat, pentsamendu eta elkarrizketa ugari».
Bertsogintza bera, oro har, azken urte luzeetan zerbaiten bila dabilen irudipena dauka Egañak, eta hori gustuko du: «Asmatuko da edo ez, baina bilaketaren sentsazioak, ahaleginak merezi du. Gaur egun , bertsolari on / txar baino beste parametro batzuetan gabiltza. Nork bere bertsokera bilatu nahi du egun, bertsolari eta bertsokera desberdinak daude eta hori oso aberasgarria da».
Bertsolaritza
Konplikazio baten istorioa
Gizartearen beraren bilakaerak eragin handia izan du bertsogintzan, Andoni Egañaren ustez; bila eta bila ibiltzearen ondorio da egungo bertsolaritza, Durangoko Plateruenan egindako hitzaldian adierazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu