Ken Loach eta Dardenne anaiekin batera, zinema sozial europarraren ordezkaririk ezagunenetakoa da Robert Guediguian frantziarra. Marseillan jaioa da Guediguian, eta han girotu ditu bere pelikula gehienak. Aita armeniarra zuen; ama, berriz, alemaniarra. 1980. urtean egin zuen debuta pantaila handian Dernier été filmarekin, eta orduz geroztik oso filmografia koherente eta interesgarria ondu du.
90eko hamarkadaren amaieran elkarren segidan egin zituen Marius et Jeannette eta La ville est tranquile dira haren pelikularik preziatuenak, baina zaila da denen artean interesik gabekoren bat aurkitzea. Hastapenetik lantalde bera izan du inguruan, hori aktoreekin ikusten da errazen. Ariane Ascaride, Jean-Pierre Darroussin eta Gerard Meylanek hirukotea ia haren film guztietan agertzen da, eta halaxe da Les neiges du Kilimandjaro honetan ere.
Ohi bezala, Marseillako portuan girotu du istorioa, eta, horren bitartez, krisialdi ekonomikoaren itzal luzea islatu nahi izan du. Drama hurbila filmatu du Guediguianek. Michel eta Marie-Claire bikotea dira protagonistak. Zoriontsuak dira eta beren seme-alaba eta bilobekin disfrutatzen dute. Horretaz gain, harro daude urte luzez egin duten borrokaldi sindikal eta politiko ugariekin.
Halako batean, Michelek lana galduko du, eta handik gutxira gertaera gogor batek lausotuko du bikotearen zoriontasuna. Bi gaztek eraso egingo diete, duten diru apurra lapurtzeko asmoz. Handik gutxira, lapurretako bat Michelen lankide ohi bat izan dela jakinen dute, harekin batera kaleratuko zutenetako bat.
Filma Victor Hugoren Les pauvres gens olerkian dago oinarrituta, baina gaurko garaietara ekarria. Eta izenburuak ez du Hemingwayrekin zerikusirik, baizik eta Frantzian oso ezaguna den Pascal Danelen abesti bat du iturburu.
Les neiges du Kilimandjaro lanak oso harrera ona izan du berriki amaitu den Valladolideko Seminci zinemaldian: txalo zaparrada luzea, kritika ezin hobeak eta epaimahaiaren sari garrantzitsuenetako bat jaso ditu, Zilarrezko Galburua.
'LES NEIGES DU KILIMANDJARO'
Zuzendaria: Robert Guediguian.
Aktoreak: Ariane Ascaride, Jean-Pierre Darroussin, Gerard Meylan.
Herrialdea: Frantzia.
Urtea: 2011.
Iraupena: 90 minutu.
Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Konpromiso lurtarra
Robert Guediguianek galdera konprometituak planteatu ditu 'Les neiges du Kilimandjaro' filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu