Mikel Hernandez Abaitua. Idazlea

«Kontagai gogorrak izan arren, gorrotorik gabeko lana egin nahi izan dut»

Literaturaren nahiz politikaren arloko gatazka esanguratsuak egokitu zaizkio inguruan Mikel Hernandez Abaituari azkeneko 30 urteetan. Ozpinik gabe oroitu ditu 'Azukre xehea gatz lodia'-n.

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Zaletasunaren ondorioz, euskal literaturako pertsona, gune eta une garrantzitsu asko ezagutu ditu gertutik Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959). Politika kontuak, aldiz, berak bilatu gabe sartu zaizkio bizitzan, nahi baino barrurago gehienetan. Horregatik, euskal literaturaren eta Euskal Herriko politikagintzaren inguruko askotariko kontuz zipriztinduta daude Azukre xehea gatz larria oroitzapen liburuan (Alberdania) jaso dituen bizitza puskak.

Bi hilabete dira Azukre xehea gatz lodia argitaratu zenuenetik, eta dagoeneko hainbat kritika argitaratu dira, laudoriozkoak oro har.

Aurreko liburuekin konparatuz gero, oso denbora gutxian jaso ditut iritziak. Jende askok esan dit liburua gustura irakurri duela eta tankera honetako ia ezer ez dagoela euskaraz. Gainera, badirudi modan jartzen ari direla oroitzapen liburuak, autofikzioak eta tankera horretako liburuak.

Zeuk halako asmorik ez zenuen, baina Inazio Mujika Iraola editoreak animatu zintuen liburua idaztera.

Hasieran, ez nuen Mujika Iraolaren proposamenari baiezkoa emateko asmorik. Nobela bat daukat planifikatua dagoeneko, eta Ramon Saizarbitoriaren lehen hiru nobelei buruzko tesia amaitu eta gero nobela horri heltzeko asmoa nuen. Baina gero Mujika Iraolaren proposamenari heltzea pentsatu nuen, tesiaren ondoren lan errazago bati ekitea hobe izango nuela pentsatuta.

Donostiako EUTGn euskal filologiako ikasketak egiten eman zenituen urteak, 1977tik 1982ra artekoak, «bereziak» izan zirela diozu liburuan. Haiek markatu zuten, neurri handi batean, zure geroko ibilbidea.

Ni orduan Elgoibartik Donostiara etorri nintzen ikastera, jende asko ezagutu nuen, garai politikoa ere berezia zen… Urteak pasata, normalean, bizitza monotonia batean sartzen da, baina aurretik, urte haietan, dena berria iruditzen zitzaidan: maitemintzea, lagunak ezagutzea, literatura, politika… Liluragarria zen guztia. Lehengusu batek animatu ninduen euskal filologia ikastera, Donostian; gero tertulia bat egitea bilatu nuen, inor ezagutzen ez nuen hiri batean bizi nintzelako; Josu Landa ezagutu nuen, oso pertsona ausarta, adore emailea, ni ez bezalakoa eta, horregatik, gauzak egiteko falta zitzaidan eta behar nuen pare-pareko osagarria…

Susa aldizkariaren sorreran parte hartu zenuen. Gero argitaletxea ere sortu zuen talde hark. Zure oraingo ikuspegitik begiratuta, zer ekarpen egin dio Susak euskal literaturari?

Nik Susa-ren lehen zenbakietan hartu nuen parte, eta orduan uste nuen hiru, lau edo bost bat zenbakietako kontua baino ez zela izango. Bigarren zenbakia atera eta gero, erdi-desagertu egin zen, eta Oh! Euzkadi-koek —Koldo Izagirrek, Ramon Etxezarretak eta Ramon Saizarbitoriak— deitu zidatenean, haiekin elkartzea erabaki nuen. Horregatik, alde batetik gertuegi sentitzen naiz, eta bestetik urrunegi, galderari erantzuteko. Baina, dudarik gabe, euskal literatura berriaren plataforma izan da Susa. Gazteentzat beti da zaila bidea. Adibidez, Saizarbitoriak, Izagirrek eta horiek, hasi zirenean, beren lanak argitaratu ahal izateko beren plataforma sortu behar izan zuten, Lur argitaletxea, beren diruarekin. Susa gure belaunaldikoentzat ez ezik gero etorri ziren belaunaldientzat ere oso plataforma garrantzitsua izan da.

Aurreko belaunaldietako idazle batzuei (Luis Haranburu Altuna, Joxe Mari Aranalde, Mikel Atxaga…) asko kostatu zitzaien idazle berrien lana onartzea, liburuan kontatzen duzunaren arabera.

Baina izan ziren gu baino idazle zaharragoak, gu oso ondo hartu gintuztenak: Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Ramon Etxezarreta, Joxe Azurmendi, Joan Mari Torrealdai… Euskara eta euskal literatura asko maite zutelako, garai hartan euskal idazlerik ia-ia ez zegoelako, eta beharbada beren hasierako ahalegina gogorarazten genielako, laguntza handia eman ziguten. Esperantza bat ginen haientzat, jarraipen bat ziurtatzen genuen.

Egungo idazleentzat «mass mediak maneiatzen jakiteak» garrantzi handia duela diozu. «Bernardo Atxaga aitzindaria izan zen horretan ere eta azken belaunaldiko idazle gazte askok oso ongi ikasia dute haren lezio mediatikoa».

Nik uste dut oso jarrera posmodernoa dela nork bere obra saltzearena hain modu lotsagabean, eta lotsagabean diodanean ez diot zentzu peioratiboz. Gure artean nahiko berria zen jarrera hori. Atxagak garbi ikusi zuen literaturatik biziko bazen ez zuela beste biderik, Etiopia bezalako liburuekin —berak behin esan zuen bezala— ez zihoala inora. Guk ez genuen inora joan nahi, eta gaizki iruditzen zitzaigun gure liburuak promozionatzea, sinatzera joatea eta abar. Atxagak guk baino lehenago ikusi zuen merkatua garrantzitsua zela idazle izateko. Hala ere, ez nago ados Atxagarekin dioenean salmentetan kopuru jakin batera iristen ez dena ez dela idazle gisa jaio. Idazle asko izan dira liburu gutxi saldu dutenak.

Euskal idazleen artean, eta batez ere euskal idazle gazteen artean, lehenengoetakoa izan zinen ETAren aurka agertzen. Arazorik izan zenuen horren ondorioz?

Nik gaizki gogoratzen ez badut, Susakook ez geunden beste batzuk bezain politizatuta, eta, beharbada, horrek bazuen zerikusia literatura asko gustatzearekin. Gure mundua literatura zen. Denok ginen abertzaleak, independentistak eta ezkertiarrak, baina ez genion aparteko garrantzirik ematen horri. Josu Landa, Iñaki Uria, Eneko Olasagasti, Xabier Montoia, Mikel Antza…Gure bileretan ez genuen sekula politikaz hitz egin, eta gure artean ere... gutxi edo batere ez. Mikel Antzaren kasuari begiratuz gero, nire irudipena da Joseba Sarrionandiari kartzelatik ihes egiten lagundu zionean ez zuela erakundearen alde jokatu, miresten zuen idazlearen alde baizik, eta gerora sartu zela erakundean.

Euskal Herriko politikan, aro berria datorrela diote. Zer espero duzu zuk?

Badakit Euskal Herriaren independentziaren alde daudenek arrazoia dutela. Eta inperialismoaren aurka daudenek arrazoia dutela. Beste kontu bat da zer bitarteko erabiltzen diren. Ni ETAren kontra nago, baina Euskal Herriak eskubide osoa du independente izateko.Baina independentzia hori nola lortzen den, zer lurraldetan, nolako Euskal Herria… Niretzat, Txillardegirentzat bezala, hor kulturak, eta batez ere hizkuntzak, garrantzi handia du. Euskal Herria euskararik gabe independentziaren alde egongo zen? Ez dut uste. Baina nik beldurrak ditut. Hemen gauza asko gertatu dira, eta beldur naiz ez ote garen geure artean borrokan hasiko, beste leku batzuetan hasi diren bezala. Herri honetan jendeak oraindik ere beldur handia dio ezker abertzaleari; estatu independente batean ezker abertzalearekin gelditzeak beldurra ematen dio jende askori. Eta baita Espainiaren erreakzioari ere. Independentzia traumarik gabe lor daitekeela jakinez gero, inor hil gabe, egoera ekonomikoari kalterik egin gabe, orduan jende asko egongo litzateke independentziaren alde.

Kontu gogorrak agertzen dira liburuan, baina ez zara inoren aurka gogor mintzatzen; ulerbera agertzen zara, oro har, jende guztiarekin.

Nire liburuak, oro har, nahiko gogorrak eta tristeak izan dira, eta banuen gogoa, ahal nuen neurrian, liburua goxatzeko. Kontatzen direnak gogorrak izan arren, liburu atsegina egin nahi izan dut, inolako gorrotorik gabe. Azken batean, herri honetan denok sufritu dugu asko, alde guztietakook. Zaharrago izateak ere bultzatu nau agian horretara. Hizkuntza aldetik, euskararen aldetik, edertasuna bilatzen ahalegindu naiz. Nobeletan bilatzen dudan hizkuntzaren musikaltasuna bilatu dut, eta batzuetan mugatua ikusi dut neure burua benetan gertatutakotik kanpoko ezer ezin nuelako asmatu.

Nobela berria «planifikatua» duzula esan duzu.

Etorriko haiz nirekin? eta Ohe bat ozeanoaren erdian nobelak trilogia baten parte izango zirela uste nuen, baina orain badauzkat ideiak pentalogia osatzeko, nahiz eta dakidan osatuko dudan.Orain idazten hasia nagoen nobela Italian kokatuko da. Gizon bat agertzen da Bordigherako hondartzan, memoria erabat galduta, nor den ere ez dakiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.