Ice Age jaio zenean inor gutxik espero ahal zuen gisako frankizia arrakastatsurik izanen zenik. Animazio estudio handietatik aparte —Pixar eta Dreamworks— ekoiztetxe txiki eta ezagun batek finantzatu zuen filma. Ideiaren atzean Carlos Saldanha brasildarra zegoen, eta hura izan zen pelikula horren zuzendaria.
Harrera ezin hobea izan zuen Ice Age-k 2002an estreinatu zenean, komertzialki ezin errentagarriago bihurtu baitzen. Hortik lau urtetara bigarrena ailegatu zen Ice Age: The Meltdown, berriro ere Saldanharen zuzendaritzapean. Askoren harridurarako, bigarrenak lehenak lortutako diru kopurua bikoiztea lortu zuen. Eta 2009an Ice Age: Dawn of the Dinosaurs saileko orain arteko arrakastatsuena bihurtu zen.
Aurrekoen harrera ona ikusita, hemen da laugarrena. Oraingoan ez da Carlos Saldanha zuzendari lanetan, ekoizle postua gorde du beretzat, eta Steve Martino eta Mike Thurmeieri utzi ardura hori. Gainerakoan, ez da aldaketa askorik, 3D teknika baliatu izana da nobedaderik handiena.
Pertsonaia ezagunak berriro ere agertuko zaizkigu pantailan. Scrat katagorriak protagonismo handia du laugarren atal honetan. Scratek segituko du ezkur iheskorraren atzetik, eta, nahi gabe Lurraren erdiraino ailegatuko da. Han, gertaera geologiko erraldoi bat eraginen du, kontinenteak bereizten hasiko dira.
Horren ondorioz, Manny, Diego eta Sidek abenturaz beteriko bidaia hasiko dute, gainerako lagunengandik bereizita gelditu baitira. Bidaia horretan sekula ikusi gabeko izakiak ezagutuko dituzte, baita piratekin topo egin ere.
'ICE AGE: CONTINENTAL DRIFT'
Zuzendaria: Steve Martino, Mike Thurmeier.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Iraupena: 94 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Kontinenteen sorrera harrigarria
'Ice Age' animazio sail arrakastatsuaren laugarren atala 3D teknika baliatuta filmatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu