Sarea ez dela zinemaren industriaren ordezkoa izango uste du Antonio de Luna (Palma, Herrialde Katalanak, 1970) Filmin enpresako bazkide sortzaileak, «zinema ustiatzeko beste bide bat baizik, aretoak, telebista eta DVDak diren bezala». www.filmin.es ataria abiatu zuen duela lau urte. Estilo askotako filmen denda da. Eta gehienez ere hiru euro ordainduta ikus daitezke filmak, streaming bidez. 600dik gora obra ditu katalogoan, eta urtea amaitu aurretik 1.200 eduki nahi ditu. Egile zinemari eta jatorrizko bertsioei garrantzia ematen die Kataluniako atariak. Halaber, iazko udazkenean estreinaturiko lanak daude. «Helburua da erabiltzaileen eta sortzaileen arteko esparru orekatua lortzea, batak ezin baitu bestea gabe bizi».
Sarea arautzea beharrezkoa da zinemaren industriak iraun dezan?
Tamaina bat hartu du, eta arauak behar ditu. Horrek ez du esan nahi merkatuaren bizkar jardun behar dugunik. Erabiltzaileak denbora asko daramate produktua kontsumitzen. Erabiltzaile horiekin adostatu behar dugu zein merkatu eredu behar dugun. Eredu horrek aintzat hartu beharko ditu erabiltzaileen interesak, baina baita sortzaileenak ere. Interneten bidez zinema modu alegalean kontsumitzen duen jende askok badaki sortzaileen interesak ere babestu behar direla, denak ezin duela izan doako, eskema horren arabera ezin izango baita segitu zinema ekoizten. Hor badago jende bat diru bat jartzen duena, eta dirua jartzen jarraitzea nahi badugu, denak ezingo du libre izan.
Batzuen negozioaren aurrean kultura askea aldarrikatzen dute bestetzuek.
Gu ez dugu esango ondo egiten duten edo txarto. Baina zinema industria bat da, eta irautea nahi badugu negozio ere izan beharko du. Negozioa izan daiteke publizitatearen ondorio edo kontsumoaren ondorio, baina etekin bat egon beharko du, pelikulak egotea nahi badugu. Denentzako erosoa izango den eredua aurkitu behar dugu, baina sortzailea eta ekoizlea ahaztu barik. Alde bietatik egon behar da errespetua.
Nolakoa da denentzako erosoa den eredu hori?
Filminen harpidetza sistema abian jarri dugu, eta telebistekin koordinazio lan bat hasi, filmak ahalik eta azkarren eskuratu ahal izateko, eta salan egon eta hiru hilabetera ikusi ahal izateko. Plataforma mota guztietan ikusteko modua eskaintzea ere garrantzitsua da: Play Station-en, iPadean edota telebistan. Lan hori guztiori egin behar dugu, eta hortik aurrera adostu behar dugu zer ustiapen eredu aukeratuko dugun, zinemari errentagarritasun bat ateratzeko. Oraingo teknologia sistema ez dago ikus-entzunezkoak ustiatzeko lehen zegoen eredutik oso urrun. Lehen TVEri eta Canal Plusi film baten eskubideak urte mordo baterako saltzen zitzaizkien, eta horrekin finantzatzen zen filma. Baina eredu hori agortu egin da. Orain salmentak beste eskala batekoak dira, eta txikiagoak direnez gero, ugariagoak izan behar dira. Salneurriek ere logika horri jarraitu behar diote. Bideo klubean hartzea bezala izan behar du. Ordainketa txikien truke eginiko salmenta saldoa planteatu behar dugu, eta horrela bilduko dugu filmaren zati bat finantzatzeko kapital beharrezkoa.
Erabiltzaileen eta sortzaileen arteko adostasunean oinarritzen den eredu hori nola uztartzen da Sinde Legearekin?
Ez da gure lana legea epaitzea. Ziur gaude hobetu zitekeela, baina lehen genuen hutsunea baino hobea ere bada. Gure ustez, garrantzitsua da arau batzuk ezartzen hastea, ondoren etorriko den guztia horren gainean eraikitzen hasteko modua izateko.
Jose Antonio de Luna. Filmineko arduraduna
«Kontsumitzaileekin adostu behar dugu zinemarentzako nahi dugun merkatu eredua»
Sarea zinema ustiatzeko beste bide bat baino ez dela, eta errealitate horri «bizkar eman gabe ausart jokatzeko garaia» dela esan du De Lunak Euskal Produktoreen Elkarteak Bilbon antolatutako jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu