Pentsa liteke zaila izango dela, ezinezkoa, herrialde arabiar batean homosexualitatearen gaia lantzea. Osama Jibatek adorea izan du Palestinan eta, bereziki, Jerusalem ekialde okupatuan homosexualen egoera zein den filmatzeko, eta hori egin duten bakanetako bat izango da, bakarra agian. Jibat garaiz heldu da elkarrizketara, bere filmaren kopia bat duela, opari emateko. Ordubete barru, lanera joango da: zerbitzari aritzen da Jerusalem mendebaldeko taberna batean, eta hantxe bururatu zitzaion filma egitea. 2009an sortu zuen Tale of Existence film laburra, hogei minutukoa: homosexual palestinarren esperientziak kontatzen ditu, beren sexualitateagatik egunero dituzten borrokak.
Jibat zinemagile gaztea Betleemen jaioa da, baina identitate arabiar-israeldarra du, eta, horri esker, Jerusalemen lan egin eta bizi daiteke. Antzerkia ikasi zuen Betleemen, eta atzerrira aterea da bere lanak erakustera; halaxe egin du berriki San Frantziskoko Arabiar Filmen Zinemaldian, AEBetan. Aurrerantzean ere bere burua prestatzen segitu nahi du, aukeratu duen lanbidean ahalik eta ondoena lan egin ahal izateko. Palestinan homosexualitateari buruzko film bat egiteagatik bere burua adoretsutzat daukan galdetu, eta kemen handiz erantzun du kontua ez dela adoretsua izatea, baizik eta egiten duzun hori sinetsita egitea... Aldi berean, argitu du bera ez dela homosexuala, jende askok uste duenaz bestera. Osama Jibat, 27 urterekin eta musulmana izaki, hasia da gizarte arabiarretako tabuetako bat agerian jartzen, eta baikor begiratzen dio etorkizunari: «Onartu egin beharko dituzte». Oso ondo ezagutzen du gay edo lesbiana izatea burutik gaixo egotea dela dioen gizarte hori.
Nola bururatu zitzaizun horrelako film bat egitea?
Ezin nuen burutik kendu zer-nolako arazoak dituen hemen beste sexu joera bat duen jendeak. Nik Jerusalem mendebaldeko kafetegi batean lan egiten dut; han, konturatu nintzen Jerusalemgo alde honetara zenbat homosexual arabiar etortzen diren, ez bat eta ez bi eta ez hiru, baizik eta asko eta asko, askatasun pittin bat sentitzeko. Hori ikusirik, oraindik interes handiagoa piztu zitzaidan, eta jakin nahi izan nuen nola bizi diren eta, batez ere, haien arazoak ezagutarazi nahi nizkion gure komunitateari.
Gogorra izango da Palestinan horrelako film bat egitea, ezta? Edo zu oso adoretsua zara?
Kontua ez da hori..., ez da adore kontua..., kontua da egiten duzun hori sinetsita egitea. Egia da nire lagun minenek ere esan zidatela oso gogorra izango zela, beharbada nire eskolak ez zidala onartuko proiektua. Hala eta guztiz ere, nik filmeko protagonistekin hitz egitea erabaki nuen, eta, azkenean, eskolak onartu egin zuen. Asko lagundu zidan irakasleen babesa izateak, baina lasai hartzeko aholkua eman zidaten... Era berean, bazirudien susmatzen zutela zergatik egin nahi nuen filma, eta horrek esan nahi du ni gay nintzela pentsatu zutela. Nik ezetz erantzun nuen, argitara atera beharreko arazo egiazko bat zelako filmatu nahi nuela.
Zure lana ez sinestekoa da, baina gayen kontuak bakarrik landu dituzu, edo lesbianenak ere bai?
Ez nuen denborarik izan lesbianen gaia lantzeko, eskolan proiektua aurkeztu eta gradua lortu beharra neukan eta... Baina nahiz eta filmean ez diren agertzen, arazo berberak dituzte. Etorkizunean denbora baldin badaukat, gaia sakonago aztertu nahi nuke.
Filmean bere testigantza eman zuen jendeak ez al zuen arazorik izan?
Hasieran, pentsatu nuen ez zutela nahiko aurpegia agertzea eta horrek bidea erraztuko zidala testigantza emateari dioten beldurra erakusteko. Egia da denek ez zutela horrela jokatu: batzuk aurpegia agerian atera ziren, baina eskatu zidaten etxea eta lantokia ez erakusteko. Horregatik, ezin izan nuen filmatu haien ohiko inguruan, eta horrek bai, horrek zaildu egin zidan kamera jartzeko tokiak bilatzeko lana.
Eta zer gertatu zen jende erlijiosoarekin? Nola erantzun zuen?
Nire filma Betleemen proiektatu genuen egunean, ikusleen artean bazegoen deitu zidan pertsona erlijioso bat, eta esan zidan: «Badakizu erlijioarentzat hau haram dela [bekatua], baina ez zait gaizki iruditzen erakustea». Horrek poz handia eman zidan. Izan ere, edozein familiatan gerta daiteke, edozein etxetan; beraz, ezin dugu ukatu. Gure gizartean egonik guk babesten ez baditugu, zeinek babestuko ditu?
Gustatuko litzaizuke zure filma Gazan ematea?
Bai, jakina. Eta ez dut baztertzen hala egitea, kar-kar, baita Iranen ere. Zergatik ez?
Ba al duzu harremanik gay israeldarrekin?
Badut lagun israeldar bat, emakumea bera eta nire lagun mina, asko lagundu zidana, ezagunak baitzituen protagonistak eta hark jarri baitzituen nirekin harremanetan.
Osama Jibat. Zinemagilea
«Kontua ez da adorea izatea, egiten duzuna sinestea baizik»
Haien arazoez arduratuta, homosexual palestinarren esperientziak jaso ditu Osama Jibatek 'Tale of Existence' film laburrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu