Kontzertu handiak eremu txikian

Donostikluba jaialdia egingo da gaurtik etzira, eta 14 emanaldi bilduko ditu Gazteszenan eta Antzoki Zaharrean

The Tallest Man on Earth da Kristian Matsson suediarraren taldea. BERRIA / BERRIA.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Orain sei urte, Elektronikaldiaren lekukoa hartu zuenean, klubeko musika bultzatzea izan zen Donostikluba jaialdiaren antolatzaileen helburua. Eta gaur egun ere filosofia horri eusten diote. Kontzertu handiak formatu txikian edo leku txikietan eskaintzea da haien asmoa. Urtero bezala, udazkenean sartzearekin bat heldu da Donostikluba, eta gaur eta etzi artean, jaialdiaren zazpigarren aldian, hamalau emanaldi bilduko ditu hiriko bi gunetan: Egiazko Gazteszena aretoan eta Antzoki Zaharrean.

Egunero egongo dira kontzertuak Gazteszenan. Gaurko gaua Naicak irekiko du. Carlos Noain hondarribiarrak eta Naia Mandaluniz gernikarrak hauspotutako proiektua da. Musikenen ikasitakoak dira, eta New Yorken eman dituzte bizpahiru urte. Bikote akustiko gisa hasi ziren, baina, Euskal Herrira bueltatuta, sortutako abestiak moldatu dituzte, formatu elektroakustiko klasikora (bateria, gitarra, baxua eta pianoa) egokitzeko. Fish Taco kaleratu dute orain gutxi, beren estreinako diskoa. Ondoren ariko dira McEnroekoak. Ibilbide luzeko taldea da Getxokoa. 2004an plazaratu zuten lehen diskoa, El Sur de mi vida izenekoa, eta beste hiru lan osatu dituzte orduz geroztik; azkena, Las orillas, aurten bertan. Intentsitate handiko doinu malenkoniatsu eta delikatuak lantzen dituzte. Lehen eguna bukatzeko, berriz, Fanfarlo igoko da taulara. Hasiera batean Veronica Falls zen aritzekoa, baina egin behar zuen bira bertan behera utzi du taldeak, kideetako bat gaixotu delako. Fanfarlok bi lan baino ez ditu argitaratu —azkena, aurten: Rooms Filled with Light— 2006an Londresen Simon Balthazarrek sortu zuenetik, baina jada dezenteko sona lortu du, eta kartelburu izan da hainbat festibaletan. Iaz, esaterako, Kutxa Kultur festibalean aritu ziren. Folka, indie rocka eta post punka uztartzen dituzte, eta Arcade Fire kanadarrekin parekatu izan dituzte.

Gazteszenako bigarren gauean Jero Romero The Sunday Driverseko abeslari ohia izango da aurrenekoa oholtzara igotzen. Cabeza de león diskoa kaleratu du aurten, finantza kolektiboaren bidez egun bakarrean finantzatuta. Pop liriko gozoa lantzen du, eta hitzetan «eguneroko miseriez» mintzo da. Tachenkoren txanda helduko da gero. Ibilbide luzeko talde bat da, azkeneko hamar urteotan bost disko osatu dituena. Pop taldetzat daukate beren burua, eta «melodia perfektua» bilatu nahi dute.Sebas Puente idazlea da hitzen egilea eta abeslaria. Ondorengo proposamena nahiko diferentea da. Izan ere, krautrok alemaniarraren eta pop ameslariaren artean mugitzen da Pegasvs, sintetizadoreak eta doinu hipnotikoak baliatuz. Estreinako diskoa atera berri du Sergio Perezek eta Luciana della Vellak osatutako bikote horrek.

The Wave Picturesen popa

Eta gauari amaiera ematea The Wave Pictures ingelesei tokatuko zaie. Festibaleko talde beteranoena da, eta sortu zenetik, 1998tik, ia disko bat kaleratu du urtero; azkena, Long Black Cars, aurten. Gitarraren, baxuaren eta bateriaren soinuak uztartuz, pop amateurrenetik lo fi-rako bidea osatu dute David Tattersallek, Franic Rozyckik eta Jonny Helmek.

Azken egunerako, bi agertoki edukiko ditu Donostiklubak. Gazteszenan, dantzarako proposamenak bildu dituzte. Swan Fyahbwoy hip-hop eta reggae emanaldiaren ostean etorriko da Anai Arrebak pasaitarren uztarketa heterodoxoa, eta Iruñeko Reina Republicanaren debuta. Gitarra doinu distortsionatuak emakumezko ahots ezti batekin nahasten dituen talde bat osatu du Israel Medinak. La Casa Azul, berriz, talde ezaguna da, eta bost disko ditu. Pop melodiak lagun, baina estiloen mugak hautsita, Bartzelonakoek dantza pistan daukate jarrita begi bat, eta hitzekin transmititutako emozioetan bestea.

Bestelako doinuak entzungo dira Antzoki Zaharrean. Daniel Martin Moore iradokitzailearenak, adibidez. Kentuckyko kantariak (AEB) antzinako usainez lurrinduriko doinu klasikoak eskainiko ditu, swinga, gospela eta easy jazza baliatuta, besteak beste. House of Wolves, berriz, Ray Villalobos kantari eta idazlearen bakarkako proiektua da. Iaz kaleratu zuen Fold in The Wind lehen diskoa, tonu baxuan abestutako baladaz osatua, eta Moonpalace zigilu gipuzkoarrak berrargitaratu du aurten. Kristian Matsson suediarrak, The Tallest Man on Earth deiturikoak, berriz, hiru disko ditu, eta mundu osoaren arreta lortu du. Aretoak betetzen ditu, eta Bob Dylanekin konparatu izan dute. Matssonek esan izan du Peter Seeger, Nick Drake edo Woody Guthrieren zalea dela. Bon Iverrekin batera birak egindakoa da, eta folk-indie ahaireak ekarriko ditu Donostiara.

Iazkoarekin alderatura, talde gutxiago bildu eta egun gutxiago eduki ditu Donostiklubak, baina sarreren prezioari eutsi diote antolatzaileek: 12 eta 15 euro artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.