Kontzertuak eta erromeriak nonahi Europako Musikaren Egunean

BilboMusikak hainbat ekimen antolatu ditu, eta Baionan 20 gunetan izango dira musika emanaldiak

Musikariak, taberna batean, Baionan, 2008ko Europako Musikaren Egunean. LE JOURNAL.
Erredakzioa
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Urteroko ekitaldia bilakatu da. Ekainaren 21ean musikaren eguna ospatzen da Europan. Euskal Herrian ere hainbat txokotan egiten zaio gorazarre musikari, baina, bereziki, Ipar Euskal Herrian du tradizioa festak.

BilboMusika musika eskolak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko. Eskolako ikasleek (biolina, gitarra, eskusoinua, pianoa...), ganberako taldeek eta Eskolako Bandak emanaldia egingo dute Galera eraikineko auditoriumean, 17:00etan. Era guztietako musika estiloak landuko dituzte kontzertu horretan.

Aldi berean, Udal Txistulari Bandak, Garikoitz Mendizabal zuzendariaren gidaritzapean, kalejira alaia egingo du Deustuko kaleetan zehar, 17:30ean hasita, Levante plazatik Ibarrekolanda plazaraino. Han, Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioaren egoitzaren ondoan, La Rustic Arlanzon Band eta Bizkaiko Gaiteroak gaineratuko zaizkio. Ikuskizuna 19:00etan amaituko da.

Egunari amaiera emateko, erromeria egingo da 18:30etik aurrera Zumarraga plazan, Solokoetxeko auzokideen elkartearekin batera antolatuta. Eskolako Musika eta Dantza Tradizionala Saileko kideak, Modernoen saileko hainbat konborekin ariko dira, 19:30ean.

Egitarau zabalena Baionan antolaturikoa da. Hogei gunetan mota guztietako kontzertu eta emanaldiak egingo dituzte 18:00etatik gauerdi ingurura arte.

Merkatu estaliko plazan Kepa Junkerak zabalduko du kontzertuen egitaraua. Argitaratzear duen disko berriko kantuak aurkeztuko ditu musikari bizkaitarrak. Haren ondotik, Shiver Me Timbres taldeak musika irlandarra, bretainiarra eta zeltaren arteko uztarketa erakutsiko du, eta La Troba Kung Fuk runba erritmora dantzaraziko du jendea.

Hamaika aukera Baionan

Stephanie Dessein, Batiste Daleman, Christian Parra, Pascal Sangla, Sticky Fingers, Zurbeltz, Nahixan, Old School Funky Family, Xubat, Maialen Errotabehere eta Lubat ere ariko dirahan edo hemen.

Baina Baionak badu ofiziala ez den egitaraua ere, guztia ez dela giltzapetua erakusten duena. Adibidez, aurten ere Baionako Gazte Asanbladak Patxa plaza bereganatuko du. Besteak beste, Mungiako Itziarren Semeak taldea ariko da hor, eta Patxokik ere izango du bere txokoa.

Beste zenbait ekitaldi aipatzeko, Mauleko Herriko Etxeak udaletxean bertan aperitifa eskainiko du, eta Idauze-Mendiko Alistair Stepeheni zabalduko dio plaza. Le Petit Bal eta Pierre eta Willy arituko dira ondotik. Nafarroa Beherean ez dago deus antolaturik. Baina Lapurdi itsasaldean, badira asko eta asko. Angelu, Miarritze, Donibane Lohizune eta Hendaiako plaza eta karrika txokoetan musika estilo gehienak entzun ahalko dira, adibidez. Hendaian, esaterako, hiru agertoki atonduko dituzte. Aurrenekoan, Kanttuko agertokian, Plankton (Hendaia, metal-punka), Brainshake (Baiona, punk-rocka), South Side (Baiona, ska) eta Luz de Putas (Hondarribia, ska) taldeak ariko dira.

Baroufeko agertokian, Siete C (Donostia, pop-rocka), Lolas Club (Donostia, popa), Kedal (Akize, rocka), eta DJ Ghost ariko dira. Vaneko agertokian, berriz, Black Dogs (Irun, rock and rolla), Neuroxia (Hendaia, post-rocka) eta Boarder Line (Hendaia, rocka).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.