Korrontzi & Oinkari, folka eta euskal dantzak uztartuz

Bi taldeok azken urteotan elkarlanean ondutako ikuskizuna 'Infernuko hauspoa' DVDan jaso dute

Bilbo
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bi kontzeptu batu dituzte Korrontzik eta Oinkarik DVD bakar batean: trikitiaren soinua eraberrituz sortutako folka eta euskal dantza tradizionala abiapuntutzat hartuz landutako koreografia garaikideak. Infernuko hauspoa (Baga Biga) hamasei kantuko bilduma da. Bikote baten harremana, lagun arteko dantzaldiak eta erromeria batean sortzen diren lehiak irudikatzen dituzte dantzariek, hainbat herrialdetako dantza tradizional eraberrituen soinupean.

Ikus-entzunezko edizioa kaleratu dute. Agus Barandiaran Korrontzi taldeko kideak adierazi duenez, «dantzei eman nahi genien garrantzia berezia, eta, horretarako, ezinbesteko egin zaigu DVD formatuan ateratzea». Irudiak ETBko Miramongo estudioetan, Gaztelugatxen eta Bilboko leku esanguratsuetan grabatu dituzte.

Villabonan elkartu ziren bi taldeen bideak, ia kasualitatez, Oinkariri Korrontziren kontzertu batean hiruzpalau dantza interpretatzeko eskatu ziotenean. Emaitza polita izan zela ikusirik, elkarlanean hasi ziren. Bi taldeek helburu antzekoa zuten, musika eta dantza tradizionaletik abiatuz gauza berriak frogatu eta eraikitzea; eta erraz sustatu zuten beren arteko lankidetza. Bi urteko lanaren ondorio da kaleratu berri duten DVDa.

Emanaldi ugari egin dituzte jada ikuskizun berri horrekin, Euskal Herritik kanpo asko. Arinagotik ere, Korrontzikoek atzerrian jotzen zutela azaldu du Barandiaranek. Azken urteetan, euren musika emanaldiak Oinkari taldearen dantzez apaindu dituzte. «Aliatu perfektua aurkitu dugu; batzuetan, gure herriko musikaren ispilu gisa sentitu gara».

Infernuko hauspoa Korrontziren hirugarren lana da. 2004. urtean sortu zuten taldea, trikitiaren soinu tradizionala berritu eta Euskal Herriko folkari ekarpena egiteko asmoz. Gaur egun, bost kide dira taldean. Trikitiaren soinua oinarri hartzen badute ere, hainbat tresna erabiltzen dituzte perkusioa, baxua, gitarra, txistua, zeharkako flauta eta beste.

Oinkari 1975ean sortu zen, baina 2003an hasi zen euskal dantzei koreografia garaikidearen ukituak ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.