Haren aldeko hileta-elizkizunak bihar egingo dira, 19:00etan, Oiartzungo San Esteban parrokian.
1937an jaio zen Koxme Lizaso, Oiartzunen. Errenterian bizi izan zen gero, urte askoan.
Bertsotan 50eko hamarkadan hasita, lehenik Jose Joakin Mitxelenarekin eta Jose Luis Lekuona Lexoti-rekin aritu zen bertsotan plazaz plaza, hirurak oiartzuarrak izaki. Baina ondorengo urteetan sarri izan zituen oholtzakide garaiko bertsolari ezagunenak ere, hala nola Manuel Olaizola Uztapide, Manuel Lasarte, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki, Fernando Aire Xalbador, Mattin Treku, Imanol Lazkano, Jon Lopategi eta Jon Azpillaga, besteak beste.
1962ko Gipuzkoako txapelketan finalaurrera iritsi zen, eta 1964koan eta 1966-67koan finalista izan zen. Txapelketa Nagusian finalaurrera iritsi zen 1980an, eta azkenlaurdenera 1982an. 1985ean berriro hartu zuen Gipuzkoako Txapelketan, baina ez zuen kanporaketetatik aurrera egin.
Jose Joakin Mitxelena gogoan liburua idatzi zuen, Antonio Zabalak sortutako Auspoa bildumaren 256.a (Sendoa, 1998).
Bertso-jartzaile lanetan ere nabarmendu zen. Azken urteetan agerpen gutxi izan zuen plazetan bat-bateko bertsolari gisa.
Lanbidez baserritarra izanik, baserriko lanen ezagutza handia zuen, eta jakintza hura erakustea ere gustuko zuen. Euskararekiko ere kontzientzia handia zuen; euskararen zuzentasunaz eta transmisioaz ardura erakutsi zuen.