Krea utzita, Montehermoso arte zentroa zuzentzera itzuliko da Araceli de la Horra

Xabier Arakistain 'Arakis' ordezkatuko du zuzendaritzan, hark lau urtez Gasteizko zentroa gidatu ostean

Araceli de la Horra izango da arte zentroko zuzendari berria. JUANAN RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Zuzendari berria izango du Gasteizko Montehermoso arte zentroak. Araceli de la Horrak gidatuko du Gasteizko Alde Zaharrean dagoen kultur zentroa, Gasteizko Udalak ohar baten bidez atzo jakinarazi zuenez. Xabier Arakistain Arakis ordezkatuko du Montehermosoko gidaritzan. De la Horra 2006ko urritik zen Krea Adierazpen Garaikideko zentroko zuzendaria, baina dagoeneko ez duela postu hori betetzen jakinarazi du udalak. Krea-ren hasierako proiektuak ez zuela bere horretan aurrera jarraituko jakina zen, baina zuzendari zenaren irteerak eta kargu hori hutsik geratu izanak areagotu egin ditu egitasmoaren etorkizunaren inguruko zalantzak.

Gasteizko Udaleko kultur arloaren kudeaketa lanetan urteak daramatza De la Horrak (Gueñes, Bizkaia, 1961), eta Montehermoso martxan jartzeko prozesuan ere aritu zen zuzendaritzan. Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna, kultur kudeaketarako masterra egina du Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Euskal Herriko Kultur Teknikarien Elkarteko eta Arte Eszenikoen Kultur Kudeatzaileen Elkarteko kide sortzaile ere bada. Gasteizko gizarte etxeen sarean, Principal antzokiaren sorreran eta Gasteizko Ikus-entzunezkoen Jaialdia martxan jartzen ere aritua da. Kargu berria ez zaio batere arrotza egingo, Montehermosoko zuzendari lanetan ere jarduna baita lehenago ere, 1997tik 2006ra.

Arakisen lau urteko aroa

Urte hartan hartu zuen gidaritza Xabier Arakistain Arakis-ek (Madril, 1966), kulturgunea kudeatzeko haren proiektua gailendu baitzen udal lehiaketa publikoan. Azken hilabeteotan, ordea, haren ildoari hainbat kritika egin zizkioten udaleko eta foru aldundiko hainbat ordezkarik —jeltzaleek bereziki—, eta ez zuela jarraituko agerikotzat jotzen zen, are gehiago joan den maiatzeko bozen ondotik PPk udalean agintea hartu ostean. Sexuen arteko parekidetasun politikak bultzatu ditu lau urteotan, eta pentsabide feminista txertatu du erakusketa, hitzaldi ziklo eta bestelako egitasmoetan. Udalak ez du zehaztu De la Horrak noiz hartuko duen kargua, baina Arakisi urte bukaeran amaitzen zaio kontratua.

Krea-ren etorkizuna da airean geratu den beste galderetako bat. Hasierako proiektuari agur esan zion Vital Kutxak abuztuan, eraikina bukatuta dagoen arren, sortze ideia berarekin zabaltzea «arduragabekeria eta luxua» litzatekeela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.