Krea zentroaren bilakaera gelditu du Vital Kutxak

Erabilera eta funtzio «errentagarriagoak» hartuko ditu sorkuntza garaikidearen laborategi eta hezkuntza zentroak

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Ez da uda lasaia izaten ari Arabako arte garaikidearentzat. Zenbaitek Montehermosoren lan ildoa ezbaian jartzen duten garai honetan, Krea zentroaren agurra gertu dago, hasieran irudikatu zen moduan behintzat. Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren barnean dagoen zentroak «baliabideen zentroa, trebakuntzarako lekua eta topaketarako eremutzat» definitzen du bere burua. Ordea, ez du asmo horiek aurrera eramateko zentro, leku edo eremu fisikorik izango. Ez, behintzat, jatorrian irudikatu zen moduan.

Carlos Zapatero Vital Kutxako presidenteak duela gutxi adierazi du «arduragabekeria», «luxua» eta «zentzurik gabeko ekintza» izango litzatekeela Krea zentroa jaiotzez zuen izaerarekin irekitzea. Betoñuko eraikina duela zenbait hilabete bukatu zuten, baita haren hornikuntza ere, baina inaugurazioa arrazoirik gabe atzeratuz joan da. Orain, erabilera «errentagarriagoetara» bideratu nahi du eraikina Vital Kutxak.

Jatorrizko egitasmoa bertan behera uztea deitoratu du Amarika Asanbladak, arte sektoreko jendeak gogoeta baten ondorioz lortutako erabakiak aldatzeko neurria dela uste baitu. Hain zuzen, Arabako arte garaikideko instalazioen harribitxietako bat izan behar zuen Kreak, sorkuntza garaikidearen laborategi eta erakusleiho, trebakuntzarako grinarekin, eta kultura eragileen arteko sare lana indartzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.