Larunbatean, 44. Bertso Egunean, eguerdian izango da lehendabiziko saioa, Donostiako kaleetan. Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzio Plazan arituko dira Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso. Konstituzio plazan Haatik dantza konpainia ere arituko da.
Arratsaldeko seietan bigarren saioa eta ekitaldi nagusia izango dira, Kursaalean. Hamabi bertsolarik kantatuko dute: Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdik. Iñaki Gurrutxagak eta Aitzol Barandiaranek bertso jarriak kantatuko dituzte. Horiez gain, beste hainbat jendek ere parte hartuko du ekitaldian. Besteak beste, Markiñako Abarka antzerki taldea izango da, eta Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Egaña bertsolariak Bi arreba emanaldia eskainiko dute.
Gauean afaria izango da, Kursaalean bertan dagoen Nineu jatetxean. Bat-bateko bertsoak izango dira, eta Karma taldearen erromeria ere izango da. Antolatzaileek ez dute iragarri nahi izan zein arituko den bertsotan, "ezustekoa" izan dadin. Afarirako sarrera guztiak salduta daude. Arratsaldeko ekitaldirako 1.800 sarreratik 500 inguru daude oraindik salgai. www.bertsosarrerak.eu webgunean eros daitezke, 12 eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 18ren truke gainotzekoentzat.
Bertso Eguna 1968az geroztik urtero egin izan da Donostian, 1970ean eta 1980an izan ezik. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak egun horren "ibilbide oparoa eta luzea" goraipatu du, "garaietara egokituz joan dena". Eguneko kartelean agertzen den sokari ere erreferentzia egin dio: "Soka tenkatuta ageri da, etetekotan. Gehiago tenka daiteke, edo korapiloak egin ez hausteko". Bizitzan pertsonek pasa beharreko krisialdiekin parekatu du soka, baita gizarteak orain dituen krisiekin ere.
Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko kideak ere "bizitzan hartu beharreko erabakiak" eta "krisiak" parekatu ditu, aurtengo egunean jorratuko den gaia. Egunaren antolakuntzan jende gaztea aritu dela ere nabarmendu du, eta azaldu du lan profesionalari eta borondatezkoari zor zaiola egun honen antolaketa.