Zinema. Estreinaldiak

Krisialdiaren erantzuleen bila

Dokumentalik onenaren Oscar saria irabazi berri du Charles Fergusonen 'Inside Job' film konprometituak

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Izan badira, baina kostata ikusten ahal izaten dira pantaila handian azken urteotan gertatzen ari den krisialdi ekonomikoaren inguruko pelikulak. Are gehiago horiek krisi horren erantzuleen bila jotzen badute. Zorionez, berriki irabazi duen dokumentalik onenaren Oscar sariak ospea eman dio Inside Job film ezin interesgarriagoari.

Orain arte, zinemagile ezagunenak izan dira kapitalismoaren azkenaurreko krisialdiaz ailegatu zaizkigun bertsioak: The Shock Doctrine (Michael Winterbottom, 2009) edo Capitalism: A Love Story (Michael Moore, 2009). Oraingoan, berriz, dokumentaletan trebatu den zuzendari ezezaguna dugu egilea. Charles Fergusonek bere aurreko lanarekin, Irakeko gerrari buruzko No Ends in Sight-ekin (2007) eman zuen bere burua ezagutzera.

AEBetan 2008an hasi zen finantza krisialdiaren benetako arrazoiak ezagutu nahian, Inside Job batera edo bestera boteregune ekonomikoekin lotura duten hainbat pertsonaiarekin egindako elkarrizketa saila da. Horren bitartez, Wall Streeteko gobernu paralelo baten berri ematen du, benetako erabakiak hartzen dituen gobernu agintegune paraleloa.

Fergusonek argi du orain hiru urte hasitako egoera ez zela kasualitatez gertatu eta horren atzean urte luzez hartutako erabakiak eta azpijokoak izan direla. Krisi bat bestearen atzean, eta, hala ere, hainbat pertsonak segitzen dute gero eta aberastasun gehiago pilatzen. Horixe da Inside Job-ek salatu nahi duena, eta, hori erakusteko, Ingalaterrara, AEBetara, Singapurrera, Txinara, Islandiara eta Frantziara jo dute zuzendariak eta bere taldeak.

George Soros espekulatzailea eta horren ezagunak ez diren beste pertsonaia ilun batzuk dira dokumental honetako protagonistak. Eta, antza, ez dute arazorik kamera aurrean jarri eta haien jokabidea zein den azaltzeko.

'INSIDE JOB'

Zuzendaria: Charles Ferguson.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2010.

Iraupena: 105 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.