Artista bat nabarmentzea ez dute gogoko Euskal Herriko galeriek, baina egin egin beharko dute. Bost euskal galeria izango dira aurten ARCOn. Bostak ere beteranoak dira Madrilgo arte azokan: Donostiako Altxerri, Iruñeko Moises Perez de Albeniz, Bilboko Carreras Mugica eta Vanguardia eta Gasteizko Trayecto. Guztiek hitz bat saihestu nahi dute, baina badakite harekin borrokatu beharko dutela, «krisiarekin», alegia. Egoera «oso iluna» dela aitortzen dute guztiek ere, baina ilusioarekin doaz guztiak. «Han egotea dagokigu», diote. Euskal Herriko artistak ez dira soilik bost galeria horien babesean izango ARCOn. Alain M. Urrutiak Santanderko Juan Silio eta Madrilgo Casado Santapau galerien eskutik erakutsiko ditu bere margolanak eta Kepa Garraza margolariak El Mundo egunkariaren standean izango du erakusleihoa.
ALTXERRI GALERIA
DONOSTIA
«Produktua askoz ere kontserbadoreagoaizango da»
Beste urte batzuetako ARCO azokara sei artistaren lanak eraman zituen Altxerri galeriak. Urte askotan 100 metro koadroko espazioa izan du Juan Ignacio Garcia Velillak zuzentzen duen galeriak, baina garaiak aldatu egiten dira, eta egungo egoera «beltzera» moldatzeko premiak espazio txikiagoa hartzera behartu ditu. Aurten hiru artistaren lanak izango dituzte erakusgai eta salgai ARCOn, Elena Asins, Esther Ferrer eta Jordi Teixidorrenak, hain zuzen ere. Ferrer eta Asins Espainiako Arte Plastikoen azken bi urtetako saridunak dira, hurrenez hurren. «Erakundeek oraintsu deskubritu dute Asins, esaterako, baina guk aspalditik ezagutzen dugu. Duela hamabi urte jada bere lanekin izan ginen ARCOn. Orduko hartan ez genuen batere saldu. Duela 10 urte, berriz, gurean erakusketa egin zuen, galeria batean egindako azkena», zehaztu du Garcia Velillak.
Galerien lana aldarrikatzeko gunetzat dauka ARCO, besteak beste, Garcia Velillak. «Artista berriengan jartzen dugu begia, eta galeriei esker ezagutarazten dira artista ugari gero maila ofizialetan». Krisi garaietara galeriak «egokitu» egiten dira, eta ARCO bezalako feriak «klasikoago» bihurtzen dira, Garcia Velillaren arabera: «Produktua askoz ere kontserbadoreagoa izango da. Probokaziotik gutxiago izango da, esperimentaziotik ere bai. Gazte artista gutxiago, beraien ideia on eta akatsekin… Krisi garaia inbertitzaileen garaia da, eta horiek segurutik jotzen dute. Izen handien feria izango da, horregatik, eta artista gazteenak izango dira kaltetu nagusiak».
•Artistak: Elena Asins, Esther Ferrer eta Jordi Teixidor.
•Espazioa: 57 metro koadro.
•Pieza merkeena: 1.300 euro. Elena Asinsen grafika bat.
•Pieza garestiena: 20.000 euro.
VANGUARDIA GALERIA
BILBO
«Orain krisia dugu, bai, baina jendeak gehiago ulertzen du eskaintzen zaiona ere»
ARCOren barrunbeak ondo asko ezagutzen ditu Petra Perezek, Bilboko Vanguardia galeriako buruak. Aurtengoa 24. urtea izango du Madrilen. Krisiak, «normala den moduan» eragingo du salerosketetan, baina edonola ere, lehen urteetatik ARCOk hobera egin duela uste du Perezek: «Orain krisia dugu, bai, baina jendeak gehiago ulertzen du eskaintzen zaiona ere, eta errazago hurbiltzen da». Krisiak gorabehera, produktuarekin asmatzen jakin behar dela uste du: «Egon dira oso urte onak, denek asko saldu duteneko urteak, eta produktuarekin asmatu ez dugulako gu batere saldu gabe geratu izan gara. Ez dago jakiterik…». Krisiak galeriari berari eragin dio ferian izango duen espazioari dagokionez. «Aurten 40 metro koadro soilik izango ditugu. Kontuan hartu behar da horrelako espazio txiki bat bost egunez alokatzeagatik 20.000 euro ordaindu behar dela».
•Artistak: Jose Manuel Ballester, Elena Asins, Alfonso Batalla, Marisa Gonzalez, Rut Olabarri eta Martin Assig.
•Espazioa: 40 metro koadro.
•Pieza merkeena: 1.800 euro. Rut Olabarriren eskultura pieza txiki bat.
•Pieza garestiena: 30.000 euro. Jose Manuel Ballesterren margolan handi bat.
CARRERAS MUGICA GALERIA
BILBO
«Artisten estudioetara joan gara, eta bertan aukeratu ditugu piezak»
Iazko urtea ondo joan zitzaien. Ezohiko zerbait izan zen. Garai zailak izanik, ondo saldu zuten bai galerian bertan eta bai ARCOn ere. «Orain ez dugu izaten hileroko salmentarik, baizik eta kolpekakoak, eta iazkoa ondo joan zitzaigun, Asier Mendizabal, Eduardo Txillida eta Richard Serraren piezak saldu genituelako, batez ere…». Aurtengo ARCOrako, hala ere, ez du «itxaropen handirik» Pedro Carreras galeristak. «Oso egoera kaxkarra da. Dena geldirik dago». Baina, hala ere, «ilusio handiarekin» doaz Madrilera. «Oso erakusleiho garrantzitsua da guretzat. Horregatik, eraman beharreko artistak eta piezak tentu handiz aukeratu ditugu. Artisten estudioetara joan gara, eta bertan aukeratu ditugu piezak». Denetariko eskaintza erakutsiko dute azokan. «Asier Mendizabalek gurpil bat eta argazkiak izango ditu, Pello Irazuk brontzezko eskultura bat eta argazki handi bat, Txomin Badiolak azken erakusketan izandako piezak, Richard Serraren marrazkiak, Eduardo Txillidaren alabastroa…».
•Artistak: Asier Mendizabal, Eduardo Txillida, Pello Irazu, Itziar Okariz, Erlea Maneros, Txomin Badiola, Richard Serra, Juan Perez Agirregoikoa, Jessica Stockholder…
•Espazioa: 130 metro koadro.
•Pieza merkeena: 750 euro. Juan Perez Agirregoikoaren marrazki bat.
•Pieza garestiena: 700.000 euro. Txillidaren alabastroa.
MOISES PEREZ DE ALBENIZ
GALERIA
IRUÑEA
«Ibilbide bat aldarrikatzeko helburua dugu»
Artearen mundua eta bildumagile nahiz inbertitzaileena oso apartekotzat ditu Moises Perez de Albenizek. «Berriki ez dakit zenbateko dirutza ordaindu dute Cezannen lan baten truke, baina hori ez da artea, hori beste kontu bat da, bildumazaletasun elitista da hori». Galeriak bere 15. urtemuga ospatu nahi du aurtengoan, eta, horretarako, berekin lan egiten duten artistei proposamen bat egin diete stand «bereziago» bat sortzeko ARCOn. «1970eko,1980ko eta 1990eko urteetako obrak erakutsiko ditugu. Ibilbide bat aldarrikatzeko helburua dugu; artista horien ibilbidea saritzea da asmoa, hain zuzen. Horretarako, euren estudioetatik jaso ditugu obrak. Artistarentzat oso enblematikoak diren piezak hautatu ditugu». Hala ere, gazteago diren artistek gaur egun egiten ari diren lanak aurkeztu eta erakutsiko dituzte ARCOn, Itziar Okarize eta Iñaki Garmendiak, esaterako.
•Artistak: Dennis Adams, Txomin Badiola, Angel Bados, Willie Doherty, Jon Mikel Euba, Iñaki Garmendia, Pello Irazu, Mona Hatoum, Leiro, Miralda, Muntadas eta Itziar Okariz.
•Espazioa: 90 metro koadro.
•Pieza merkeena: 2.000 euro.
•Pieza garestiena: 100.000 euro.
TRAYECTO GALERIA
GASTEIZ
«Errealitateak ez duenean gehiagorako ematen, joan eta zer gertatzen den ikustea besterik ez zaigu geratzen»
Fernando Llana Trayecto galeriaren gidariak, gordin ikusten du egungo egoera. «Galeriak ez dira azoketatik bizi, eguneroko lanetik baizik. Testuinguruak asko laguntzen dio galeria baten dinamikari. Egungo egoera gogorra da ez azoka batean edo bestean gutxiago salduko dugulako, baizik eta egunerokotasunaren testuingurua erabat mortua delako. Gurean bildumazaletasun pribatua oso ahula da, bildumazaletasun enpresariala ia ez dago, eta publikoaz zer esango dugu... Oraintsu Arabako Kultura diputatuak Artiumek duen erosteko politika kendu egin du… Beraz, testuingurua ahula bazen lehen, orain basamortu bat da arte garaikidearen esparruan».
•Artistak: Aitor Lajarin, Beatriz Olabarrieta, Angel Marcos, Fernando Sinaga, Guillem Bayo, Nestor Sanmiguel Diest, Mira Bernabeu….
•Espazioa: 75 metro koadro.
•Pieza merkeena: 1.500 euro. Aitor Lajarinen marrazkiak.
•Pieza garestiena: 40.000 euro. Sinagaren pieza bat.