Krisiari ikuskizuna

Aspaldiko partez, Musika Hamabostaldiaren aurrekontuan egitasmo pribatuak (%53) publikoak baino pisu handiagoa dauka Abuztuaren 4tik irailaren 2ra egingo da 73. aldia, eta 63 kontzertu eskainiko ditu

Babesleetako batzuk eta hainbat erakundetako agintariak, Kursaalean, atzo, 73. Donostiako Musika Hamabostaldiaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / AR P.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak ez ditu ez gizabanakoak ez enpresa pribatuak kikildu. Ez, behintzat, Donostiako Musika Hamabostaldia sostengatzeko orduan, edo horretaz gozatzeko momentuan. Aurrekontua 2.850.000 eurokoa da, iazko aldikoa (3.076.400) baino txikiagoa. Baina «azken hamarkadetan lehen aldiz», aurrekontuan pisu handiagoa edukiko du egitasmo pribatuak publikoak baino. %53 batetik, eta %47 bestetik. «Mugarri bat da gure ibilbidean», esan zuen Patrick Alfaya hamabostaldiako zuzendariak, atzo, 73. aldiaren aurkezpenean. Abuztuaren 3tik irailaren 2ra egingo da, eta 63 kontzertu eskainiko ditu; iaz baino 11 gutxiago, alegia. «Aurrekontuaren murrizketak kontzertuen kopuruan eragin du apur bat, baina ez,ordea, horien kalitatean». Krisiari ikuskizunarekin erantzun dio, hortaz, Musika Hamabostaldiak.

%53 horren %39 sarreren salmentatik eta «beste bide batzuetatik» dator, eta %14, berriz, babesle pribatuei dagokie. Musika Hamabostaldia hasteko oraindik ere 20 egun falta diren arren, oraingoz, Kursaaleko auditoriumean egingo diren kontzertuen sarreren %80 saldu dira. Gainera, jada ez dago sarrerarik San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak abuztuaren 27an interpretatuko duen Patetikoa sinfonia ikusi ahal izateko.

Era berean, sarrera guztiak saldu dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak EOSek Wolfgang Amadeus Mozarten Txirula magikoa obrarekin egingo duen egokitzapenaren lehendabiziko kontzertua ikusteko. Abuztuaren 11n izango da aurreneko kontzertu hori, eta bigarrena, aldiz, bi egun geroago. Produkzio berri hori El Escorialeko (Espainia) jaialdiarekin batera prestatu du hamabostaldiak. Alfonso Romerok hartu du bere gain eszena zuzendaritza. Estreinaldiaren aurreko saioa El Escorialen bertan egingo da hilaren 27an.

Kontzertu kopuruan murrizketa txiki bat egin dute antolatzaileek, baina Kursaaleko ganbera aretoan egiten zen zikloari ezik, Musika Hamabostaldiak iazko ekitaldiko beste ziklo guztiei eutsi die. Viktoria Eugenia antzokian, baina, joan den urtean baino kontzertu gutxiago —lau guztira, eta horietako hiru klub aretoan— egingo dira, haren mendeurrena ospatzen ari den arren. Finantzaketa publiko urriagoa jaso izana da horretarako arrazoia.

Debussy ardatzean

Ildo nagusi bati jarraitu diote antolatzaileek programazioa egituratzerakoan, eta Claude Debussy (1862-1918) musikagilea izango du ardatzean aurten Musika Hamabostaldiak, musikagile frantziarraren jaiotzaren 150. urteurrena dela aprobetxatuz. Gainera, XIX. eta XX. mendeen arteko igarobidean Parisen bizi izan zen sorkuntzaren loratzeari ere erreparatuko dio jaialdiak. Hain zuzen ere, Debussy izan zen, Maurice Ravel, Paul Dukas, Eric Satie eta Gabriel Faurerekin batera, besteak beste, garai hartan Frantziako hiriburuan egosten zen saltsari piperra botatzen ziotenetako bat. Goi mailako konpositore horien lana ezagutzeko aukera emango du aurtengo aldiak.

Debussyz gain, Francisco 
Escudero (1912-2022) musikagile zarauztarra omenduko du hamabostaldiak haren jaiotzaren mendeurrenean. Escudero bera Parisen mendeen artean bizi izan zen bizitasun handi haren oinordekoa izan zen.

Bakarlari eta orkestrak

Goi mailako orkestrek joko dute Kursaaleko auditoriumean. Hallekoa —Erresuma Batuko orkestra zaharrena da— arduratuko da, hain zuzen, programazio sinfonikoaz zabaltzeaz. Abuztuaren 3an izango da. Hurrengo egunean, gainera, toki berean joko du, Donostiako Orfeoiarekin batera. Orduan Peter Berger arituko da tenor lanetan.

Parisko Orkestrak eta San Petersburgokoak bina kontzertu eskainiko dituzte: abuztuaren 23an eta 24an, eta abuztuaren 27an eta 28an. Abuztuaren 27ko kontzertuan Ketevan Kemoklidze izango da mezzo-sopranoa, eta Dmitri Lavrov baritonoa. Kursaaleko programazioa ixteko, Bambergo Orkestrak hiru emanaldi emango ditu: abuztuaren 30ean, eta irailaren 1ean eta 2an. Azken egunean Donostiako Orfeoiarekin arituko da, Debussy eta Igor Stravinskiren sinfoniak interpretatuz.

Orkestra horiek gidatzen ospe handiko zuzendariak arituko dira. Christoph von Dohnani beteranoak zuzenduko du Pariskoa. Eskola klasikoko musikari adierazgarrienetakoa da, eta, bere jarrera neurtu eta dotoreari esker, zale askoren onespena eta aitortza lortu du. Yuri Temirkanovek, berriz, San Petersburgokoa zuzenduko du. Errusiar eskola famatuaren ordezkari esanguratsuenetakoa bat da. Jonathan Nottek, eta Mark Elderrek Bambergo Orkestra eta Hallekoa zuzenduko dituzte, hurrenez hurren. EOSek eta Andra Mari abesbatzak Kursaalean abuztuaren 17an emango duten kontzertua Pascal Rophek zuzenduko du.

Estreinaldiak

Musika garaikideko zikloa egingo da abuztuaren 28tik irailaren 1era, eta, horretan, sei obra estreinatuko dira. Sofia Martinez, Felix Ibarrondo, Arturo Fuentes, Jose Luis Campana eta Gabriel Erkorekaren interpretatu gabeko lanak joko dira. Horietako partitura bat, Erkorekaren Qut hain zuzen, Musikagileak Euskal-Nafar Musikagileen Elkartea eta hamabostaldiak enkargatuta egin da, bi erakundeek sorkuntza berriak sustatzeko landu duten egitasmoaren adibide gisa.

Gainera, beste obra bat estreinatuko da organo zikloan. Ana Belen Garcia, Loreto Aramendi eta Alize Mendizabal organo jotzaileek Donostiako irudiak estreinatuko dute abuztuaren 8an Artzai Onaren elizan. Hiru euskal musikagilek osatutakoa da — Aitor Uriak, Fernando Gonzalok eta Jose Luis Franzesenak—, euskal doinu bat inspirazio iturri moduan hartuta.

Zikloak

Antzinako musikaren zikloa abuztuaren 3tik 10era egingo da Santa Teresa komentuan. Organo zikloa Gipuzkoako hainbat agertokitan egingo da 4tik 10era. Interprete gazteena 20a eta 24a bitartean Miramar jauregian, eta musika garaikidearena abuztuaren 28tik irailaren 1era Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan.

Musika aitzakia izeneko zikloa ere egingo da abuztuaren 4tik 30era. Horretako bi kontzertuAraban egingo dira (Araian 17an, eta Guardian 21ean), eta beste bat Lapurdin, Kanbon, 5ean.

Bestelako jarduerak

Kontzertuez gain, ikastaroak, udaleku musikalak, zinema emanaldiak, musika proiekzioak eta irteerak antolatu dira Musika Hamabostaldiaren bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.