Katuajeak

Kristalezko memoria

Beasaingo Errekarte Haundi baserria. ALAZNE MUJIKA / GOOGLE.
Lorea Agirre.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Nire lehen hildakoa izan zen amona Estefania. Ez nuen hilotz ikusi, baina lehenengo hildakoa izan zen nire bizitzan. Ama gabe etxean egon nintzen nire lehenengo eguna izan zen amona Estefania hil zenekoa. Bazen zerbait sei urteko umearentzat. Argala, txikia, hezur eta azal, ximurra, gardena, kasik izpiritu. Bizitzak behar baino gehiago makildua. Senarra kartzelan eta seme zaharrena erbestean, gerra ondorenean. Igandero, baserriko atera joaten zitzaion meza nagusitik bueltan zetozen herritar multzo bat, eskuak luza goratuta, Cara al sol kantatzera.

Mantala beti soinean, mototsa buruan. Eskuak magalean bilduta. Baserriko atarian. Atariko harrizko eserlekuan eserita. Kala zurien alboan. Errekarte Haundi-n. Errekarte baserrian hil zen Araiztik Goierrira ezkon berritan etorritako amona. Ohean, gaixo, azken garaietan. Ahots hari bat, eta kristalezko hezurren kraskak entzun uste nituen, ohetik altxatzen saiatu eta mesanotxeko tiraderatik txanpon bat hartu ezinik eskua luzatzen zuenean. Halako samurtasun triste bat. Ahizpa eta biok, lore sorta bana bularraren kontra estutuz, ohe ondoan, hautsiko zen beldurrez. Berrogeita hamar pezetako txanpon handia. Biharamunean, bueltan ginen amonaren logelan, txanpona eskutan, amak aginduta.

Apenas aldatu den Errekarte baserria ordudanik. Ingurua, berriz, goitik behera. Soro, baratz eta belardiak, etxe, kale eta errepidez bete dira. Jendez. Kiroldegi, futbol zelai, eskola, lantegi. Abiadura handiko trenaren eraikuntza lanak, azkena, mendiari hozkaka.

Umetako paisaia eta oraingoa ez dira bera batere. Beste mundu bat. Errekarte baino ez, auzoz erratu ez naizela ohartzeko. Errekarteri eta inguruan utzi dizkioten baratza, soro eta sagastiei begiratu bat eman, eta beste bat pareko etxe, errepide, nazional, eraikin eta plazei, eta bostehun urte igarotzen zaizkizu begien aurretik segundo bakarrean. Nekazal mundutik industriara, eta menditik kalera, zangoa hamar pausutan luzatuta. Hortxe historia lezio bizi bat. Ondare ukigarria, gorpuztua, libururik eta museorik batere beharrik gabe.

Errekarte eta alboan duen Telleri dira herri kaskoanbota ez dituzten baserri bakarrak. XV-XVI. mendeetan eraikiak, biak. Herrian dena da berriaren berri eraikia. Errekarte eta Telleriren etorkizuna ere idatzita dago. Bi baserrien artean, Errekarte bizi letra larriz duen kartel handi bat jarri du eraikuntza enpresa batek etorkizuneko etxeen irudi birtual batekin: 145 etxebizitzako hiru eraikin.

Errekarte, Telleri, Zapatari, Usategi, Errementari, Piparrene. Orain hiruzpalauurte, Udalak atera zuen egutegiko argazkietan. Txikitu dugun guztiaren notario agiria. Memoria ez da argazki bat egutegian. Memoriak baditu nahi adina labirinto: zulo, belaze, leize eta tontor; usain eta sentimen, beldur eta poz. Gorputz eta izpiritu. Samurtasun eta bortizkeri.

Adituek diote iraganak oraina baldintzatzen duela ondarearen izendapen beti partzialean. Iraganik nahi ez izateak, izan garena ez onartzeak, ez ote du gehiago baldintzatzen gure gaurko desmemoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.