Aiherran (Baxenabarre) jokatu Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa Hendaiako Kristiñe Txoperena bertsolariak irabazi zuen larunbatean, 203 punturekin. Bigarrena Xumai Murua azkaindarra izan zen, sei puntu gutxiagorekin, eta hirugarren Miren Artetxe hendaiarra, bigarrenarengandik puntu erdira, 196,5ekin. Berez, Txoperena eta Murua dira txapelketa segitzera gonbidatuak, baina Txoperena ez da segitzekotan. Erabakia bere arrazoiengatik izan dela nabarmendu du bertsolariak, eta «ez da batere txapelketaren kontuengatik. Bertsotan segitu nahi dut, baina ez txapelketaren testuinguruan». Txapelketak bere burua bertsotan izatea galdegiten diolako nahiago du txapelketa horretan gelditu: «Egia erran, memento hauetan burua ez dut horretan. Baditut beste gauza batzuk, eta denbora dezente kentzen didate».
Kanporaketan parte hartzea eskatu ziotelarik baietza eman zien, baina aurtengo horretan aski. Baliteke, haatik, geroan txapelketetan berriz parte hartzeko gogoa izatea. Halere, antolatzaileek oraindik ez dute baztertzen Txoperena konbentzitzea finalaurrekoetan parte har dezan. Ez badute lortzen, puntuazioak erabakiko du nork hartu hark utzi lekua. Heldu den asteburuan Saran iraganen den azken kanporaketetan jakinen dira azken puntuazioak, hain justu. Orotara zortzi dira sailkatuko, Amets Arzallus eta Sustrai Colinaz gain.
Aiherrako saioak kontent utzi ditu antolatzaileak. Ehundik gora zale elkartu zituen. Hitzorduaz baliatu ziren Bigarren Mundu Gerla aitzineko bertsolari baxenabartarrak gogoratzeko: Ahatsako Iribarne eta Pierra Errumategi, Baigorriko Piarres Dibarrart, Bankako Erramuzpe eta Tihista, eta beste.
Kristiñe Txoperenak irabazi du Aiherrako kanporaketa, baina ez doa finalaurrekora
Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa segitzeko gogorik ez du; bigarren lekua Xumai Muruak eskuratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu