Karrusa
'Fauxto'
Taldea: Hiru Punttu. Idazlea eta zuzendaria: Antton Luku. Lekua: Anhauze. Eguna: Abenduak 6. Hurrengoak: gaur Domintxainen (21:00etan); bihar Miarritzen.
Nora Arbelbide
Zirtzilen jokoa, Maskaradetan aurki daitekeena, hitz askean tabu eta gehiegikeriak inarrosten dituen joko hori dute berriz biziarazten Fauxto-ko 18 aktoreek. 2008an Zirtzilek oraino badutela erraiteko erakusten dute. Belaunaldiz belaunaldi transmititu zen Tobera edo Karrusa satiraren hari horrek merezi duela berriz erabilia izatea antzerkien josteko. Publikoaren irri eta begi dirdiratsuak lekuko.
Bi orenez itzalezina den hitzen eta gorputzen bonbardaketak itzuliak eginarazten dizkio publikoari. Karrusaren gurpil tradizio hori gauzatzen dute. Funtsean eta forman. Zutik, aktibo egon behar du publikoak, antzerkiaren barne. Etxeko zuriketak denen artean egitera gonbidatuak bagina bezala. Beltzek hitza hartua dute eta ez dira isiltzekotan. Urrun doa hitz hori, gainera. Intimitateraino, kasik inkontzientziaraino. Intimitate horren lekuko, lehen eszena. Bi xahar Sud Ouest egunkaria komentatzen, eskelak batetik, eta baxoa ukan duten gazteak, bestetik. Etxe anitzetan bizi mementoak. Ondokoan, meza. Emazteak alde batean, gizonak bestean. Angelusa kantatzen hasten dira. Bitxi hasieran, elizatik kanpo ikustea hori. Eta sublimazioa ondotik, rollerretan baitira denak, apaiza barne. Bat-batean meza Holiday On Ice bihurtzen da.
Badirudi Zirtzilak bihotz eta burmuinen barneetara sartu direla eta formulatu ezin diren horiek ekarri dituztela plazara. Plazaren erdira ekartzen den gaia ikusle guztiek berena baitute: euskal kultura.
Nork ez du ukan eskizofrenikoa izatearen sentimendua, gutxienez behin? Elebitasunaren garai hauetan, kriolitate, Pop star, merkatu eta sosaren erreinuan gaudela, euskaldun bezala bizitzeak, borrokatzeak, maitatzeak edo kexatzeak suposatzen dituen kontraesan, blues, poz eta beste sentimendu guztietatik iragaiten dira Fauxto eta bere lagunak. Euskal kultura hori zer den ere ez dakigula gehiago, Kepa Junkeraren proiektuak eskuratu diru laguntza zamek azaleratu arazoak ez daude urrun. Erreferentzia guztiak ez dira denek ulertzen dituztenak, baina euskaldun orok aurki dezake bere burua goiz ala berant lan honetan.
KRITIKA. Etxeko zuriketak egiteko gomita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu