KRITIKA. Kapela erantzi gabe
Getxo Folk jaialdira 2006an ekarri zuen ikuskizunaren aldean arrunt ezberdina da Salif Keita orain aurkezten ari dena. Hura M'bemba diskoaren aurkezpen birari zegokion, eta orain ematen ari den kontzertuak hurrengo diskoa kaleratu bitartean probak egiteko baliatzen ari da Maliko kantaria. Disko horri begira gitarrekin orkestrazio mota bat lantzen ari dela aurreratu du, eta asmo horren nondik norakoa ezagutu zuten Viktoria Eugenia antzokia ia lepo bete zuten entzuleek. Entsegu bateko lekuko pribilegiatuak izan ziren.
Afrikar kantarien ohiko jantzi dotore eta koloretsuen ordez, cowboy baten gisan agertu zen Keita, jean galtzak eta gitarra erantzi behar zuen bakoitzean arazoak ematen zizkion kapela zuria jantzita. Belauniko agurtu zituen entzuleak, lehen kantuari, Folon ederrari, bakarka ekin aurretik. Makan Tounkara n'goni jotzaile trebea batu zitzaion Sira-n, eta talde guztia Laban-en. Hortik aurrera, hiru gitarrak (akustikoak zein elektrikoak), nÅLgoni-ak (hiruzpalau hari dituen lauta) eta kamele n'goni-ak (koraren oso antzeko tresna) ehundutako soinu apur bat nahasiaren gainean eraikitako pieza luze, errepikakor eta trantzekoek osatu zuten emanaldiaren ardatza, Keitaren ahots zoragarria lagun. Tarteka Mamadou Kone kalabaza jotzailearen bakarraldiek musikaren jario erritmiko sosegatua apurtzen zuten, eta Keitaren asmo berria folk musikara gerturatzen duten detaile txikiak agertu ziren, ahosoinuaren erabilera, esaterako.
Errepertoriotik kantu lasaienak aukeratu zituen Keitak (Papa hunkigarria, Tassi biluzia, Touyami...). Afrika dantzagarrian bakarrik sumatu zuten entzuleek eserlekuak soberan zeudela. Gauza bera pentsatu omen zuten musikariek; Ahmed Baba-n Tounkarak eta Sebastian Martiel gitarristak zutik jarri eta elkarri lehian aritzeko keinua egin zuten, baina hasitakoa burutzen ez zuten asmatu.
Lekua: Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoaren 5a. Jende kopurua: Ia beteta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu