Lau metro koadrokoa dirudien arren, beharbada sei edo bederatzi metro koadroko azalera izango zuen Espía a una mujer que se mata antzezlaneko eremu eszenikoak. Eta, hala ere, taula gainean paratu duten horma biko gelak txikiegia dirudi bertan ibiliko diren zazpi aktoreentzat eta haien artean lehertuko diren emozio eta tentsioentzat. Baina nahita bilatutako efektua da, eta jakin beharra dago obra honetan ikusitako eszenografia konpainiaren aurreko muntaketaren berbera dela, soberan egon zitezkeen elementuak ezabatu ostean.
Izan ere, horma biko gela horretan -falta diren beste hormak egurrezko listoi banarekin sinbolizatzen dira- ezin hobeto gauzatzen da Latinoamerikatik datorkigun antzerki txiroaren eredua, gutxieneko baliabideak erabiliz eta aktore-lan bikaina erakutsiz sakontasun handiko gaiak jorratzen dituena. Kasu honetan, gainera, interes gehitu bat dauka muntaketak, Txekhoven Osaba Vania-ren gainean eraiki duelako Daniel Veronese zuzendariak hamaika sari eta izendapen eskuratu dituen antzezlana.
Esku-programan bertan bertsio hitza aipatzen dute, baina nik uste dut Txekhoven lana aitzakiatzat hartuta benetako sortze lana egin duela Veronesek, errusiar egilearen testuan Geneten Neskameak obrako pasarte batzuk bertan txertatuz eta gaurko antzerkiari buruzko bere burutazioak han-hemenka tartekatuz. Bide horretatik, ugariak dira Txekhov berritu horren testuan aurkituko ditugun erreferentziak, eta beharbada haien arteko nagusia Stanislavskiri egindakoa da, haren irakaspenei jarraiki muturreko garrantzia hartzen dutelako agertoki gaineko xehetasun txikienek ere, koherentzia itzela lortu arte antzezpen lanarekin. Ildo beretik joanda, itzela da antzezle guztien inplikazio pertsonala proiektuan, eta, etxeko panorama ikusita, asko eskertzen dira soberako keinuen ekonomia eta jarrera bakoitzaren atzean dauden motibazio sakonak.
GAURKOTASUNA. Bestalde, harrigarria da ikustea nolako gaurkotasuna erakusten duen jatorrizko testuak. Esate baterako, une jakin batean nekazaritza-eremuen degradazioa aipatzen da, eta harekin batera basoen garrantzia eta baso-soiltzearen arazoa ere aztertzen dira, buru-argitasun osoz bide batez esanda. Bitxia bada ere, zenbait momentutan iruditu zaigu XIX. mendeko egile errusiar batek gaurko Hegoamerikako arazo sozial eta ekologikoez ari zela, baina beste kontu batzuetan are gorago jotzen du Txekhoven testuak, batez ere patuak itotako pertsonaiak aurkezten dizkigunean, beren inguruan dena hondoratzen den bitartean.
Zuzendaritza eta eszenografia:Daniel Veronese.
Antzezleak: Osmar Nuñez, Maria Figueras, Marcelo Subiotto, Fernando Llosa, Silvina Sabater, Marta Lubos,Mara Bestelli.
Lekua: Eibarko Coliseo aretoa.
Eguna: Otsailak 11.
KRITIKA. Lau metro koadro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu