Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Ama-alaben arteko ezin ulertua

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Ane'

Zuzendaria: David Perez Sañudo. Aktoreak: Patricia Lopez Arnaiz, Jone Laspiur, Mikel Losada, Luis Callejo, Nagore Aranburu. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 100 minutu.

Batzuetan film bat amaitu berri duzun sentsazio ona okertu egin daiteke denborarekin, batez ere ikusi dutenekin iritziak trukatzen dituzunean. Hori da Ane-rekin gertatu zaidana. Gustura ikusi dudan filma izan da, baina noizean behin akats batzuk aurkitu ditut. Eta akats horiek larriagotu egin zaizkit iritzi trukearen ostean.

Ane desagertu egiten da, eta bere amaren bizitza geratu egingo da. AHTaren lanen segurtasunean lan egiten du, eta auzoan jende asko dago bere lanaren aurka, tartean, bere alaba. Ane desagertzen denean ez dirudi bere ama asko aztoratzen denik; bere bikotekide ohiarengana jotzen du, ea berak Ane non den ote dakien, baina alarma gutxi pizten dituzte.

Filmak gauza asko kontatu nahi ditu, AHTaren aurkako mugimendua, bertako langileen bizitza, ama-alaben arteko gatazka, emakume heldu baten bizitza eta bikote banatu baten egungo elkarbizitza. Dena koktelera batean sartu du Perez Sañudok, eta ahal duena egin du berarekin.

Une bereziak ditu, baina protagonisten arteko elkarrizketa asko galdu egiten dira, eta ez da ulertzen zein zentzu duten, batez ere Aneren aitaren eta amaren artekoek. Bestalde, AHTaren aurkako mugimendua eta Errekaleorren aldekoa ikusten ditugu. Filmak etakideak balira bezala irudikatzen ditu batzuetan, eta nahiko arriskutsua eta larria iruditzen zait irudi hori horrelako produkzio batean sortu izana.

Ama-alaben arteko gatazka nagusia amaren lana da. Ane AHTaren aurkako mugimenduan dabil, eta ama batzuetan aurka dagoela dirudi. Pertsonaia nahiko sinplea da amarena, eta irizpide gabeko emakumea dirudi. Idatzizko azterketa hau egin ostean, zinema aretotik atera ostean baino iritzi okerragoa dut. Pentsatzen uztea izango da onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.