Kritika. Artea

Amaieraren kaosa (edo kaosaren amaiera)

Erakusketan, hainbat instalazio daude ikusgai. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
'The End. Natura eta profeziak'

Lekua: Kristinaenea. Donostia.

Noiz arte: irailaren 30era arte.

Kristinaenea parke zoragarriaren bihotzean fundazioaren egoitza dago. Fundazio horrek ingurumenaren eta iraunkortasunaren alde lan egiten du, eta egoitzako erakustaretoan gai horien inguruko hainbat erakusketa antolatzen dituzte. Honako honetan, The End. Natura eta profeziak izenburupean aurkezten den erakusketa baten bitartez, artean, zientzian eta literaturan oinarriturik munduan eta horren bilakaeran murgiltzen da, natura, klima eta denboraren iraganaren inguruan sortzaile askoren ikuspegia kontuan hartuz. Kristinaeneako zuzendari Txema Hernandezek dioen bezala, gaur egun profeziek garrantzi handia hartu dute, behin eta berriro munduaren amaiera edo aldaketa sakonak aurkezten dituzte eta. Profezia horien gaur egungo adibide nagusiak maiek iragarritakoak dira, eta haien inguruan informazio asko zabaldu da.

Erakusketa hiru aretotan banatu da, bakoitza azpigai batekin aurkeztua: Prometheus Garden, Zona del tiempo eta Mundu bat. Lehenengo atalak erakusketaren parte den Prometheus Garden animazio lanari zor dio izenburua. Sorkuntza horren bitartez, Bruce Bickfor estatubatuarrak etengabeko aldaketan dauden pertsonaiak aurkezten ditu, inguruaren eta pertsonaien arteko metamorfosi jarraian munstro eta egoera txundigarriak erakutsiz. Eraldaketaren ideia hori da lehen aretokoen oinarrizko gaia, eta, Bickforekin batera, Ibon Aranberri, Jose Manuel Gabantxo, Bixente Ameztoi, Miguel Brieva eta Juan Luis Morazaren lanak aurkezten dira. Gaiaz gain, nabaria da eraldaketa horren ideia artelanetan sumatzeaz gain orokorki aretoan ikusten dela, animazioa, pintura, instalazioa, bideo-sorkuntza eta argazkia nahasten baitira. Bereziki, berezia da Bixente Ameztoi donostiarraren Kontxako badiaren inguruko pintura lana.

Egoitzako lehenengo solairuan erakusketako bigarren eta hirugarren aretoak daude. Zona del tiempo atalean Jonathan Monk, Pedro. G. Romero, Esther Ferrer, Isidoro Varcarcel Medina eta Cornellia Hesse-Honegger-en lanak dira ikusgai. Aretoko tituluak dioen bezala, denboraren eta horren iraganaren inguruko gogoeta bat egiten da, eta marrazkia, diseinua, soinua, bideoa eta argazkia nahasten dira. Artearen eta denboraren arteko harreman hori modu askotan gertatzen da, artistaren arabera. Horrela, aipagarria da Cornelia Hesse-Honegger artista suitzarraren proiektua, non zentral nuklearren inguruan aurkitutako intsektuen inguruko marrazkiak aurkezten dituen, edo Pedro G. Romeroren Bomba del tiempo (poema sinfónico) artelana, soinuaren bitartez 1966. eta 1990.urteen inguruan Espainian gertatutakoaren laburpen bat egiten duen, Palomaresko bonbaren pasartean hasi eta Persiar golkoan Espainiako armadaren erakustaldian amaitzen dena.

Azkenik, alboko aretoan, Mundu bat atala daukagu, besteak beste, Erlea Maneros, Allan Sekula, Detritus, Juan Loeck Hernandez eta Aldoux Huxleyren artelanekin. Hor ere, aurreko atalen modura, hainbat teknika eta euskarri nahasten dira: eskultura, musika, pintura, argazkia eta marrazkiak. Munduaren ideiarik zabalean oinarrituz, gogoeta askotarikoen ibilbide bat ikus dezakegu, Detritusen giza saminaren inguruko pinturetako batetik Erlea Manerosen abstrakzioetaraino. Aipatu ditugun artistez gain badaude aretoa osatzen duten beste lan batzuk ere. Benetan, aipagarria da Worlmapper taldeak sortutako lana, non munduko mapa eta formak herrialde bakoitzaren pobrezia mailaren arabera aurkezten diren. Talde horren lanaren inguruko informazio gehiago aurkitu daiteke www.worldmapper.org webgunean.

Nahiz eta aurkezten diren artisten eta artelanen sailkapena nahiko orokorra den, erakusketa polita antolatu du Kristinaenea fundazioak eta eskertzekoa da maila altuko artisten lanen bilketan egindako esfortzua. Azkenean, erakusketa globalki ulertu behar da, antzematen den kaos txiki horrek gai orokorrarekin lotura handia eskaintzen duelako. Gainera, erakusketa fisikoaz gain, gaiarekin lotuta, udako zinema zikloa antolatu dute, eta, hor, besteak beste, James Cameronen Terminator eta Stanley Kubricken Dr. Strangelove or: How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb ikusgai izango dira. Irailak 30etik aurrera, erakusketa amaitu ondoren, proiektuak aurrera jarraituko du, eta gaiaren inguruan, urte amaiera arte, hainbat hitzaldi, performance eta manifestu antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.