Donostiako 66. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Anaitasuna

Joaquin Phoenix eta John C. Reilly aktoreak. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'The Sisters Brothers'



Zuzendaria: Jacques Audiard.Herrialdea: Frantzia-Belgika- Errumania-Espainia.Iraupena: 120 minutu.

Eli eta Charlie Sister, Sister anaiak; bizitza osoa daramate elkarrekin. Enkarguz hiltzen dute jendea, hori da haien lanbidea. Charlie, anaia gazteena, eroso dago egiten duten lanarekin; odolean darama. Eli, ordea, ohartu da bizitza arruntago bat nahi duela. Enkargu berri bat jaso dute: Warm jauna hil behar dute, ibaietatik urrea ateratzeko deskubritu duen formula ematea lortu ondoren.

Jacques Audiard zinemagile frantsesaren azken filma dugu The sisters brothers, western eran kontaturiko bi anaiaren istorioa. Bata bestearen antitesia dira: Charlie lotsagabea da, bortitza, oldarkorra. Eli, berriz, bihotz onekoa da, maitekorra, inuzentea. Audiardek senaren eta arrazoiaren arteko borroka horretan jarri ditu bi anaiak, filmak aurrera egin ahala ezinbestekoa bihurtzen baita bietako batek irabaztea.

Denetarik duen film bat sortu du zuzendari frantsesak: abentura du, umorea du, eta bizitzaren, zoriontasunaren eta askatasunaren inguruko hausnarketak ditu. Planoen hautaketak, kontakizunaren erritmoak, gidoiak, muntaketak, baita musikak ere, filma aberasten dute, eta, aldi berean, alderdiren batek koloka egiten badu, besteak indartzen du. Baina Joaquin Phoenixek eta John C. Reilyk biribiltzen dute filma, Charlie eta Eli Sisterren rolean. Haientzat idatzitako pertsonaiak dirudite, eta, aldi berean, nabari da aktore bakoitzak bere puntu pertsonala gehitu duela. Anaitasunaren bidaia honetan ez zait beste aktore bikote aproposagorik bururatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.