Kritika. Musika

Anelidoen erresistentzia

Katakrak-en 'Hau dena' diskoa
Katakrak-en 'Hau dena' diskoaren azala.
2023ko abenduaren 10a
05:05
Entzun

'HAU DENA'

Egileak: Askoren artean. Argitaratzailea: Katakrak.

Iruñea bisitatuz gero, ezinbestekoa da Katakrak gunean sartzea eta beharrezkoa den denbora hartzea bertan bildutako liburuetan kuxkuxeatzeko; behintzat, hau sinatzen duenarentzat. Bada, gune horren 10. urteurrenaren harira, bere markapean plazaratutako liburuetan oinarritutako disko-bilduma bat egingo zutela zabaldu zutenean, berehala piztu zitzaidan radarra, Katakrakek ematen dituen pausoetan agerikoa baita irizpidea, jarrera eta asmoa.

Diskoak, LP bikoitza, hamabost kantu biltzen ditu: hamahiru Katakrakek kaleratutako liburuetan oinarritutakoak, eta bi ereserki. Diskoan ez da isilunerik, kantuen artean interludioak baitaude, —interludio horiek entzuteko euskarri fisikoa eskuratu behar da—. Magma hori guztia Katakraken bertan grabatu dute, Ion Celestino musikariaren zuzendaritzapean, Hedoi Etxarte partner in crime duela. 24 orrialdeko liburuxka ere badakar.

Edukiari dagokionez, Ibil Bedi nafarrek Anelidoak kantua grabatu dute, Rosa Luxemburgoren Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti liburutik abiatuta. Grabazioari hasiera ezin hobea ematen dion doinua da, bertan jasotako kantu onena baita, zalantzarik gabe; alegia, disko bikoitza abesti horrekin bete zezaketen, espiral amaiezin bat osatzeraino. Esajerazioak eta hiperboleak gorabehera, abestia itzela da, ahots harmonia gozoekin eta gitarra sotilekin osatua.

Boskotearen kantutzarraren atzetik, Raimundo Canasteroren ekarpen runbazalea dator, Madero, Mark Neocleousen Maderos, chusma y orden social liburua aipatuz. Beste abesti sendo bat da, haize eta piano konponketa zoragarriekin jantzita.

Kataluniako boogaloo erritmo dantzagarrien ondotik, New Orleanseko kaleko banda handien jazz soinuak datoz, Kinbonbo Brass Band eta Broken Brothers Brass Band-en eskutik. Azken horiek aurretik grabatutako 1871 kantua birmasterizatu dute, 2021ean jaso baitzuten, Parisko Komunaren 150. urteurrena dela eta, Louise Michelen Erbesteko gutunak Victor Hugori (2020) liburua buruan zutela; hain justu, kantu hori izan da egitasmo honen hazia eta txinparta, Hedoi Etxarteren esanetan. «Pentsatu genuen: zergatik ez diegu hainbat musikariri eskatzen egin dezatela abesti bana Katakraken liburuekin?».

Halaber, aipagarriak dira Chill Mafia, J Martina, FECBEG eta Joseba Tapiaren ekarpenak, bakoitza bere estiloan. Horien artean, Chill Mafiarena nabarmentzen da: Heinrich von Kleist-en Michael Kohlhaas liburutik abiatuta, kantuaren beraren istorioa kontatzeko ahalmena ere erakutsi baitute iruindarrek, umoretsu eta erdi aroko kutsuaz, Mursego eta Trigger musikarien laguntzaz —Arroitajauregiren eta Tapiaren itzala hainbat kantutan antzematen da—.

Finean, komunitatean egindako lana da, askotariko komunitatearentzat, eta aniztasun horrek obra osoa bustitzen du, ahalegin erabat trinkoa izanagatik ere. Une eta leku baten potreta ere bada, bai eta egungo euskal musikaren erregistro oparo bat ere. Zorionak, Katakrak!

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.