Artea
'Bosgarrena liskarrean', Alain Urrutia.
Non: Arizko dorretxea (Basauri).
Noiz arte: otsailaren 22ra arte.
Arizko dorretxeko erakusketa aretoak azken urteotan euskal sortzaile gazteenen etsenplu onenak erakusterako orduan erreferente bilakatzea lortu du. Oraingoan, Alain Urrutia margolariaren (Bilbo, 1981) azkenetako produkzioa ikus genezake: mostra-salako horma bakarra hartzen duen 34 pintura lanez osaturiko murala.
Tamaina ezberdinetako mihiseetan, artistak, ohikoa duen estiloa jarraituta (errepresentazio modu figuratiboa, kolore paleta murritza —zuria, beltza eta horien arteko tonu grisak— eta eszenaratze mugatu eta zatikatuak), pertsonaia ezberdinen erretratu multzoa osatu du. Teknikoki eta estetikoki modu nabarmenean garaturiko lana dugu; argi-ilunak, zuri puru eta beltz ilunenaren arteko kontrasteak, mihiseetan bertan, eta, oro har, horma-irudi osoaren konposaketan ere modu orekatu eta inpaktagarrian darabiltza Urrutiak. Gainera, errealismoa zenbaitetan handia izan arren, artistak hain usu darabilen lausotze teknikak oraingoan ere misterio kutsua ematen die imajinei. Izan ere, zuri-beltzeko argazkilaritzaren estetikatik hurbil, Urrutiaren lanak —imajina zatikatu eta lanbrotsuak— zenbaitetan desenfokatuak balira bezala agertzen zaizkigu; hala, margotze modu horren bidez, bisitariak aurrean duen eszena deszifratzeko orduan nahasmendua senti dezake, baita deserosotasun puntu bat ere.
Oro har, egunerokotasunetik hartutako irudiak dirudite, instante jakin baten izoztea, baina errealitatearen begirada partzial eta subjektibo batetik —lehen-lehen planoak, ikuspuntu anitzak, gorputz atal ebakiak—, irrealitate bat iruditzeraino. Badirudi irudiok jatorrizko testuingurutik atereak direla, guztiekin giro berri bat sortzeko. Lehen begiratu batean ez dugu oso ondo ulertzen konposizioaren zentzua: ume bat tiro egiten, emakume lirain bat titi bistan, burusoil bizardun bat alboz, matrail hezur bat, emakume soinak, aurpegi estaliak. Eszena txiki asko dira. Baina segituan mosaikoaren protagonisten begirada eta gurea gurutzatzen dira; begikera galduak zein zuzenak, argiak zein ilunak, malenkoniatsuak edota tristeak, alaiak ala desafianteak ditugu, batzuk biolentoak. Aldi berean, printzipioz imajina autonomoak badira ere, beraien artean eszena berri bat eraikitzen dute, pertsonaien arteko loturak sortzeraino.
Ostera, horretaz guztiaz gain, bestelako baliorik ere badu Urrutiaren lanak, haren baitan identifika ditzakegun inplikazio kontzeptualak, kasu. Pintura lanen azterketa pausatuago batek irudion atzean zer ote den —mezurik, logikarik, zentzurik— galdetzera garamatzan jakin-mina sorrarazten digu. Eta hor dago, hain justu, Urrutiaren laneko gakoetako bat: koadroetan errepresentatutakoen artean batzuk famatuak zaizkigu; beste batzuk, ez. Fidel Castro, Jaqueline Kennedy edo Martin Luther King identifikagarriekin batera, entzutez bai, baina aurpegiz hain ezagunak egiten ez zaizkigun pertsonaien irudiak ere baditugu, hala nola Huey P. Newton AEBetako Pantera Beltzen sortzailea, Idi Amin diktadore ugandarra zein Ulrike Meinhof ezker erradikal alemaniarreko militantea, baita erabat ezezagunak zaizkigunak ere.
Pintoreak beretzat ikonoak diren pertsonak aukeratu ditu —ezagunak, gertukoak edo asmatuak—, eta horiek nahastu eta orotariko jatorri eta testuinguruetako jendea maila berean kokatuta, kontestu berri bat sortzen du. Gainera, lausotze teknikarekin estilo bat, margotzeko modu bat garatu du Urrutiak, eta, hala, errealitatea —kasu honetan pertsonaia jakin batzuenganako hurbilketa— hauteman eta bere aurrean plantatzeko modu bat agertzen du, ezinbestean gurea ere baldintzatzen duena.
Bisitariak, behin pertsonaia batzuk identifikatuta, besteak nortzuk ote diren galdetzen dio bere buruari. Horien arteko harremanak ez daude argi, bakoitzak zehazten, sortzen ditu. Orduan, gure ezagutzen eta pertsonaion gainean ditugun ideien arabera, irakurketa ezberdinak proposatzen dira. Izan ere, hainbatetan artistak jarrera bat, pentsaera bat sugeritu arren, ez da hori sekula inplizitua egiten, eta, aldi berean, errepresentaturiko lagunek, ospetsu lez duten klixe eta etiketak kenduta, gurekiko beraien identitatea galtzen dute, pertsonaien atzeko pertsonei bide eman, eta gure mailan jartzeraino. Halaxe, deskontestualizatutako irudietatik abiatuta, batzuen anonimotasuna eta besteen ospea —erlatiboa zenbaitzuetan— kontrajarriaz, anonimotasun faltsu baten eta memoria bisual kolektibo eta indibidualaren gaineko gogoeta irekia ahalbidetzen du.
Esan bezala, Alain Urrutiarena bere baitan lan andana biltzen duen artelan bakarreko erakusketa dugu, muntatze soilekoa, eta horrek badu bere abantaila, ikuslearen begirada geldo eta patxadatsua, margolanek dituzten —eta badute halakorik— balio piktoriko eta inplikazio teorikoagoen gaineko dastamena ahalbidetzen baitu.
Artea. Kritika
Anonimotasun faltsuez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu