Artea. Kritika

Argi eta koloreen 'inpresioak'

Erakusketa urtarrilera arte egongo da ikusgai. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Artea

'Dario de Regoyos (1857-1913). Abentura inpresionista'

Lekua. Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte. 2014ko urtarrilaren 26ra arte.

Haren heriotzaren 100. urteurrena dela eta, gurera modernitatea ekarri zuen eta euskal inpresionista bakarrenetakoa izan zenaren figura berrikusteko aukera dugu. Bilboko Arte Eder museoan pintore oparo gisa agertzen zaigu Dario de Regoyos (Ribadesella, Espainia, 1857-Bartzelona, 1913). Paisaia margolari gisa oso trebea zen —euskal tradizio piktorikoan sekulako eragina izateraino—, eta artista modernoaren figura paradigmatikoa dela erakutsi zuen, batzuetan bikaina eta maiz irregularra izanagatik.

Madrilen ikasi ostean, Belgikan jarraitu zuen formakuntza. Ensor, Signac, Pisarro eta Seuratekin izan zuen harremana, Whistler estatubatuarrarekin, eta baita euskal artistekin ere, Parisen eta Euskal Herrian bertan. Europa eta Espainian zehar bidaiatu eta gero, gurean geratu barik ibili zen margotzen 1884 eta 1912 bitartean. Euskal paisaia eta eguraldia ezin hobeto egokitzen ziren hark pintura ulertzen zuen modura. 1913an hil zen Bartzelonan, Kataluniako paisaia ezberdinak gauzatu ondoren.

Giroa da haren lanaren muina, eta gaia bigarren maila batean geratzen da. Momentuko eguratsa, argiaren isla eta inpresioak harrapatu guran, naturan lan egiten zuen, zuzenetik, azkar. Hala, eguzkiaren irteera eta sarrera, egun grisa zein euria bezalako egoera eta desafio piktorikoei aurre eginez, argiaren eta kolorearen harmoniaren inguruan esperimentatu zuen. Regoyosen garai bereko piezek ez dute beti besteen maila agertzen, eta paisaia margolari ona izan arren, zailtasunak igartzen zaizkio giza figura batzuk irudikatzeko —batzuetan naif kutsu batekin—, baina hainbat lan zoragarriak dira.

Orokorrean, formatu txiki eta ertaineko produkzio handia da Regoyosena. Orotara 700 bat obra gauzatu zituela uste da, eta Bilbon 140 inguru bildu dituzte —gehiegitxo, agian—, pintura, marrazki, akuarela zein grabatuen artean, eta baita bere garaiko jatorrizko gutun, katalogo eta argazkiak ere. Egiaz, margolariaren produkzioa ezagutzeko erakusketa oso konpletoa dugu. Kronologikoki dago muntatua, modu zainduan, eta margolariaren eboluzio piktorikoa antzeman daiteke; lehen urteetakoa bereziki, gero inpresionismoarekin duen inplikazioa erabatekoa da eta

Belgikan eta Espainian gauzatutako lanak bista urbanoak eta erretratuak dira batez ere, baina badira paisaia batzuk jada, izan Brusela, Toledo edo Almeriako bista gautiarrak. Bere aldetik, Bilboko museoko Miss Janning-en erretratua (1885) lan intimistak kutsu whistleriar-a agertzen du. 1888an Regoyos Espainian zehar ibili zen Emile Verhaeren poetarekin; bidaia haren fruitu izan zen Espainia beltza izeneko liburua. Garai hartako koadroek bere ibilbideko aldi filosofiko eta sinbolistena agertzen dute. Obra grafikoari dagokionez —Belgikan ikasi zuen grabatuaren teknika— hamabost litografiaz osatu Pais Basco (1897) albuma da esanguratsuena.

Bada margolariaren aldi puntillistari dedikatutako areto bat, eta, agian, autorearen alderdi ezezagunena erakusten du. Denbora tarte laburrean landu arren, pintura aipagarriak burutu zituen; hala nola Donostiako hondartzetako eszenak zein Sareak (1893) izenekoa. Baina bere produkzio handi eta aipagarriena inpresionismoari dagokio. Pintzel pasada txiki, azkar eta zorrotzen bidez argi eta koloreen maila ezberdinak xehetasunez atzematen saiatzen da, gauzen momentuko itxura sorrarazi nahian. Mendiak, gaueko eszenak, itsasoa eta larre berdeak dira nagusi.

Donostiako koadro asko daude, baita Bilboko Abrarenak, Durangaldeko batzuk, eta Burgosko katedralaren bistak goiz eta arratsaldez ere; horien artean Merkatua Durangon (1907) da aipagarrienetakoa, konposizio aldetik bikaina. Era berean, erakusketako lan onenak aipatzekotan— inpresionismoaren idealekin zuzenean bat egiteaz gain exekuzio eder askoa agertzen dutelako—, Taureaux à Passages (ZezenakPasaian) (1898) eta, duda gabe, Bainua Errenterian (1900) seinalatuko nituzke. Ezin utzi aipatu gabe baita 1895an bere buruari koadroak atzean dituela egindako erretratu galanta ere.

Bizitzan zehar errekonozimendu berezirik izan ez zuen arren —bai garaiko artisten aldetik—, denborarekin baloratua izan da haren obra, baina, halere, behar zuen halako erakusketa bat Regoyosek, haren figuraren eta pinturaren berrikustea izateaz gain, aldi berean hainbeste lan batera eta kronologikoki ikus daitezkeenez, ikusle bakoitzak balorazio propioak atera ditzake eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.