KRITIKA. Musika

Arnasa gardena

Jose Miguel Perez-Sierra orkestra zuzendaria. BERRIA.
Arkaitz Mendoza.
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

'Euskadiko Orkestra Sinfonikoa'

Zuzendaria: Jose Miguel Perez-Sierra. Sopranoa: Miren Urbieta-Vega. Lekua: Donostia. Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abenduak 4.

Presaka eta ziztu bizian irensten ditugu egunak, beren ordu azkar eta minutu sentigaitzekin. Ez ditugu egunean minututxo pare batzuk barneratzen biziak jaurti eta kolpatzen gaituen sentipenei duintasunezko arreta eskaintzeko. Herenegun minutu pareak bikoiztuz joan ziren Kursaaleko auditoriumeko eserlekuan, baketasun eta arnasaren erritmo garden pausotsua ukitu arte. Horretarako, ez genuen ez bidaia ezta artista estralurtarrik gonbidatu agertokira; etxekoa den Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Jose Miguel Perez-Sierra madrildarra bidaia honen kapitain gisa. Urbieta-Vegaren esana sentiberatasun apartez jaso zen, silaba bakoitzaren pintzelkada guztiz neurtua eta gozatua zegoela antzemateraino. Maitasuna, loreak, zerua, ilargia, haizea eta edozein sentsazio mugikor dotorezia liluragarriz helarazi zigun soprano donostiarrak. Perez-Sierra erne zebilen, Ernest Chaussonen Poème de l'amour et de la mer obran harmonia pilaketa basatia baita, eta den-denak ondo ulertu eta zabaltzeko arnasa guztiz gardena izan behar da. Orkestra fin, geroxeago argi utzi zuten bezala, haize egurra eroso musika frantziarrean eta biolinak bere lekuan harizko instrumentu grabeek goza zezaten.

Aurretik, inpresionismo garaia apurtu eta egitarauaren ildotik ateraz Richard Wagnerren Herbeheretar alderraiaren Obertura eskaini ziguten. Perez-Sierrak musikariei beharrezko askatasun puntua erregalatu zien, haize metalaren mesedetan. Nahiz eta auditoriuma bete zuen entzuleria txaloen intentsitateekin hotz sentitu emanaldi guztian zehar—azkeneko asteetan orkestrak aurrera eraman duen grebari erantzunez agian, auskalo!—, kontzertua kalitate handikoa izan zen. Claude Debussyren La Mer poema sinfoniko handiaren sustraiekin, intentsitate aldakorrak etengabe lotzen diren bidaia ameslaria osatu zuten. Eskerrak eman behar dizikiet arnasketa garden hauei eguneroko erritmo zoroa gelditzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.